Polizia Koordinaziorako Batzordeak bilera egin du, eta bertan, Bilboko 2025eko delitu-joeraren hobekuntza baloratu da

0
  • Juan Mari Aburto alkateak eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak gidatu dute batzarra.
  • Delitu presentzialak % 0,18 murriztu dira hirian 2024arekin alderatuta, eta nabarmen jaitsi ziren sexu-askatasunaren aurkako delituak (-% 11,11) eta indarkeria eta larderia bidezko lapurretak (-% 8,85).
  • Ziberdelinkuentzia Bilbon egiten diren arau-hauste penal guztien ia % 14 da.

Gaur eguerdian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko Segurtasuneko Koordinazio Batzordea bildu da. Bilera Juan Mari Aburto alkateak gidatu du. Udaltzaingoko eta Ertzaintzako arduradunek, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak eta Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak parte hartu dute, besteak beste.

Bilerak hainbat gai elkarrekin aztertzeko eta Bilbon 2025ean izan diren delitu-egitateen balantzearen datu esanguratsuenak baloratzeko balio izan du.

JAITSIERA OROKORRA

Delitu-egitateei dagokienez, nabarmendu behar da 2025ean 29.696 delitu presentzial egin zirela hirian, aurreko urtean baino apur bat gutxiago (iaz 29.751 izan ziren, hau da, -% 0,18).

Horietatik guztietatik, erdiak baino gehiago (16.496, % 55,55) ebasketak izan ziren; delitu mota hori da gehien errepikatzen dena hirian.  Zifra hori 2024koa baino zertxobait txikiagoa da, orduan 16.826 erregistratu baitziren.

Ondarearen aurkako beste delitu batzuek, hala nola indarkeriaz eta/edo larderiaz egindako lapurretek, jaitsiera handiagoa izan dute aurreko urtearekin alderatuta, % 8,85ekoa, 1.359 izan baitziren 2025ean, eta 2024an 1.491.

Ibilgailuen lapurretak ere % 12,93 jaitsi dira (2025ean 101 eta 2024an 116), eta kalteak % 2,29an jaitsi dira (2024an 2.317 eta 2023an 2.264).   

Termino absolututan, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak pixka bat jaitsi ziren 2024tik, % 0,47. Iaz 23.686 izan ziren eta aurreko urtean 23.797.

Pertsonen aurkako delituei dagokienez, hiru giza hilketa erregistratu ziren, eta beste hamalau saiakuntza-graduan –2024an bat eta zortzi izan ziren, hurrenez hurren–.

Sexu-askatasunaren aurkako delituak nabarmen jaitsi ziren, 270etik 240ra, hau da, % 11,11ko beherakada izan zuten; horien barruan, bereziki jaitsi ziren sexu-eraso gisa tipifikatutakoak, 245 izatetik (2024) 206 izatera (iaz) igaro baitziren.  Hau da, ia % 16 murriztu ziren.

Delitu horiek delitu presentzial guztien % 0,8 baino ez dira; hala ere, dituzten ondorio sozialak eta konnotazioak direla-eta, hainbat ikuspegitatik lan egiten da gaitz horren aurka, ez soilik polizia-ikuspegitik.

Ildo beretik, familia-giroko tratu txarrei buruz hitz egin daiteke, 371 izatetik 397 izatera igaro baitira, hau da, % 7 igo dira.

Lesio delituak, pertsonen aurkako delituen atalean ohikoenak, oso antzeko kopuruetan mantentzen dira, igoera txiki batekin: 1.583 izan ziren 2024an, eta 2025ean 1.637.

ZIBERDELINKUENTZIAK GORA EGIN DU

Nabarmentzekoa da delitu informatikoek % 10,47ko igoera izan dutela: 4.356 salaketatik (2024) 4.812ra (2025).  Delitu-tipologia hori Bilbon gertatutako arau-hauste penal guztien ia % 14 da.

3.000 ATXILOTU ETA 7.000 IKERTU BAINO GEHIAGO

2025ean erregistratutako datuen arabera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 3.155 pertsona atxilotu zituzten (1.521 Ertzaintzak eta 1.634 Udaltzaingoak), eta 7.679 pertsona ikertu zituzten.

Hala ere, esan behar da Udaltzaingoak atxilotutako pertsonei 2.114 atxiloketa egin zitzaizkiela.  Kasu honetan, eta Bilboko Udaltzaingoaren datuak soilik kontuan hartuta, 275 pertsona atxilotu ziren behin baino gehiagotan; horien artean, pertsona batek hogei atxiloketa baino gehiago ditu, zazpik hamar baino gehiago, eta hogeita bostek bost atxiloketa baino gehiago.

Ertzaintzak bestalde, delitu beragatik behin baino gehiagotan atxilotutako 964 pertsona zenbatu zituen iaz, 2024an baino 114 gehiago. Delitu beragatik behin baino gehiagotan atxilotutako pertsonen artean gehien errepikatzen diren delituak ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, 545 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, 263 Bilbon, delitu bera behin baino gehiagotan egiteagatik.