Hondarribiko lehen hiri-autobus zerbitzuak auzoak eta herrigunea lotuko dituen ibilbideari esker, eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu eta mugikortasun jasangarri, irisgarri eta bidezkoago baten aldeko urrats estrategikoa izango da.
Zerbitzua behin-behineko ibilgailu batekin hasiko da, Udalak lehentasuna eman baitio hondarribiarrek zerbitzua ahalik eta azkarren erabiltzeko aukera izateari. “Urte luzez aritu gara Hondarribiko hiri-autobusa errealitate bihurtzeko lanean eta asteartean gure kaleetan zehar ikusiko dugu. Behin-behineko autobusa izango da. Izan ere, behin betiko ibilgailua udan iritsiko da -%100 elektrikoa-, baina uste dugu herritarrek zerbitzua behar dutela eta hori lehenetsi dugu”, adierazi du Igor Enparan Araneta alkateak.
Gainera, zerbitzu berri honekin herritarren gehiengo nabarmenak garraio publikoa erabiltzeko aukera erreala izatea bermatu nahi da. Helburua da hondarribiar gehienek beren bizitokitik gertu garraio publikoa izatea, hurbiltasun eta berdintasun baldintzetan sarbidea bermatuz. “Urrats garrantzitsua da mugikortasun-eredua eraldatzeko, herritarren eskura garraio publiko moderno, jasangarri eta inklusiboa jarriz”, azpimarratu du alkateak.
Alkateak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten erakunde eta eragile guztiei, elkarlanari esker proiektua aurrera atera delako. “Administrazio ezberdinen arteko koordinazioari esker, gaur albiste ona eman dezakegu: asteartetik aurrera autobusa gure kaleetan zehar ibiliko da”.
Bestalde, GGLAko presidente eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek pozik hartu du hiri-autobus zerbitzu berria martxan jarri izana, eta Udalak, Garraio Agintaritzak eta Aldundiak hilabete luzez izandako “lankidetza estuaren emaitza” dela azpimarratu du. “Ez da bide erraza izan, baina autobus berri hau mugarri izango da Hondarribiaren konektibitatean eta auzotar askoren bizitza aldatuko du. Ibilgailu pribatua izan ala ez, herritarrek aurrerantzean mugikortasuna bermatuta izango dute garraio publikoaren bidez, eta horrek aukera-berdintasuna indartuko du pertsona guztien artean”, nabarmendu du Dominguezek. Era berean, zerbitzua Lurraldebuseko sarearekin osatuko dela azaldu du, MUGI sistemari esker garraio-aldaketak modu arin, eroso eta doakoan egiteko aukera eskainiz. Azkenik, Dominguezek eskerrak eman dizkio Igor Enparan alkateari erakutsitako prestutasunagatik, eta etorkizunean ere elkarlanean jarraitzeko borondatea agertu du, zerbitzua etengabe hobetzen eta herritarren beharretara egokitzen jarraitzeko helburuarekin.
Mugikortasun jasangarri eta irisgarriago baten alde
Alkateak azaldu duenez, hiri-autobus berria funtsezko tresna izango da mugikortasun jasangarri eta irisgarriagoa sustatzeko. Ildo horretan, nabarmendu du behin betiko zerbitzua %100 elektrikoa izango dela, eta egungo krisi klimatiko eta energetikoaren testuinguruan emisiorik gabeko garraio publikoa izatea estrategikoa dela hiriarentzat: “Mugikortasun-eredua eraldatzeko urrats garrantzitsua da, garraio publiko modernoa, jasangarria eta inklusiboa herritarren eskura jarriz”.
Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziaren hitzetan, ekimenak ingurumen-onurak ez ezik, gizarte-ikuspegitik ere eragin positiboa izango du, auzoen arteko kohesioa indartzeko baliabidea ere izango baita: “Autobusak Auzo Bihotzen ikuspegia sendotuko du, auzo guztien arteko lotura erreal eta eraginkorra sustatuz. Hilerria, anbulategia, ikastetxeak, merkatalgunea eta herrigunea konektatuko ditu. Zerbitzu honek haur, gazte, heldu… hondarribiar guztien eguneroko bizitza erraztuko du eta inpaktu sozial positiboa izango du. Bereziki lagungarria izango da mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat”. Gainera, Lurraldebusen zerbitzuarekin osatuko dela azpimarratu du, MUGI zerbitzuari esker garraio aldaketa arinak, erosoak eta doakoak ahalbidetuz. Dominguezek eskerrak eman dizkio Igor Enparan alkateari laguntzeko prestutasunagatik, eta eskua luzatu dio etorkizunean elkarlanean jarraitzeko, zerbitzua hobetzen jarraitzeko eta herritarren beharretara egokitzeko helburuarekin.
Urtizberearen esanetan, herritar askorentzat zaila izan daiteke zenbait zerbitzutara iristea: “Anbulategira joatea ezinbestekoa da, eta asko dira hilerrira joateko zailtasunak dituztenak ere Autobusak auto pribatuaren erabilera murrizten lagunduko du, ingurumenarekiko errespetuzko mugikortasuna sustatuz eta ezinbesteko zerbitzuetara garraio publikoan iristeko aukera bermatuz”.
Gainera, zerbitzuak lotura zuzena izango du Lurraldebus sareko lineekin:
- Foru kalean (Arroka parean), E25 linearekin.
- Foru Kalea 3an, E20, E25 eta E27 lineekin.
- Sabino Arana Kalea, E21 linearekin.
Ibilbidea eta ordutegia
Ibilbideak hilerria, ikastetxeak, anbulategia, merkatalgunea eta herrigunea lotuko ditu, auzoen arteko konektibitatea indartuz eta auto pribatuarekiko mendekotasuna murrizten lagunduz.
Autobusa San Juan de Dios plazatik abiatuko da. Lehen zerbitzua 7:10ean abiatuko da eta azken irteera 21:10etan izango da. Ordu erdiroko maiztasuna izango du eta ibilbidea ondorengoa izango da:
San Juan de Dios plaza – Sabin Arana (igogailua) – Itsas Etxea – Iturriberri – Saindua – Kattalin Erauso kalea – Jaizkibel hiribidea – Torrea – Hilerria – Talaia BHI – Talaia LHI – Baserritar etorbidea 92 – Foru kalea (Arroka) – Foru Kalea 3 – Asto Bidea – Sokoa Merkatalgunea – Donostia kalea (eskailera mekanikoak) – Ama Guadalupekoa – Biteri.
Geraleku bakoitza identifikatzeko poste bana egongo da, baita ibilbideari zein maiztasunari buruzko informazioa ere. Seinaleztapena behin-behinekoa izango da, ibilbidearen funtzionamendua ebaluatu bitartean. Halaber, QR kode baten bidez herritarrek Udalaren webgunera sartu ahal izango dira, zerbitzuari buruzko xehetasun guztiak kontsultatzeko.
Zerbitzu bizia eta parte-hartzailea
Estitxu Urtizbereak azpimarratu du hiri-autobus zerbitzua berria izango dela guztiontzat, eta martxan jarri arren, doikuntzak egin beharko direla: “Hau hasiera baino ez da. Martxan jartzea lehen pausoa da. Badakigu hasieratik ez dela perfektua izango, baina erabilerarekin batera agertuko diren beharrak kontuan hartuko ditugu zerbitzua egokitzeko”.
Horretarako, herritarren iradokizunak jasoko direla jakinarazi du zinegotziak: “Geralekuak, ordutegiak eta maiztasunak doitu beharko dira, eta herritarren ekarpenak funtsezkoak izango dira. Hondarribiarrek Udalaren webgunearen bidez hobekuntzak proposatzeko aukera izango dute. Zerbitzua guztiona da, eta guztion artean hobetuko dugu”.
Parte-hartzea autobusaren irudian ere islatuko da. Izan ere, behin betiko ibilgailuaren diseinua herritarrek aukeratuko dute, hiru proposamenen artean. “Hasieratik argi izan dugu proiektu hau parte-hartzailea izatea nahi genuela eta autobusaren irudia ere herritarren esku egongo da. Hiru proposamen argitaratu dira webgunean eta gustokoenaren alde bozkatzeko aukera izango da”, azaldu du Urtizbereak.
Otsailaren 24tik martxoaren 16ra egongo da diseinua bozkatzeko aukera www.hondarribia.eus/eu/hiribusa webgunean.
Ordainketa eta tarifak
Hiri autobusa MUGI txartelarekin ordaindu ahal izango da, Gipuzkoako gainerako garraio sarearekin bateragarritasuna bermatuz. Tarifak honako hauek izango dira:
- Bidaia arrunta (txartelik gabe): 1,45 €
- MUGI anonimoa: 0,58 € bidaia bakoitzeko
- MUGI txartel pertsonalizatua:
1–20 bidaia: 0,44 €
21–50 bidaia: 0,36 €
51 bidaia edo gehiago: 0,09 € - MUGI gaztea (15–25 urte):
1–20 bidaia: 0,37 €
21–50 bidaia: 0,30 €
51 bidaia edo gehiago: doan
Gainera, MUGI sistemak hobari bereziak aurreikusten ditu adinekoentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat, familia ugarientzat eta txartel sozialaren erabiltzaileentzat, saldo-kargan aplikatzen diren deskontuen bidez.
Hondarribiko Udaletik adierazi dute “ilusio handiz” ekiten diotela zerbitzu berri honi. Hiriko lehen autobus zerbitzua izanik, hasierako egunetan balizko atzerapen edo gorabeherak gerta daitezkeela ohartarazi dute, eta herritarren pazientzia eta ulermena eskertu dituzte aldez aurretik.






