Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaur onartu ditu HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa eta BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa sortzeko dekretuak. Hezkuntza-sistemari laguntzeko bi zerbitzu berri dira, eta Euskadiko ikastetxeei laguntzeko baliabideen aro berri bat ezarriko dute.
Erabaki horrekin, Eusko Jaurlaritzak eguneratu eta indartu egingo du hezkuntza sistemarentzako laguntza-zerbitzuen eredua, hain zuzen ere, hezkuntza-errealitate gero eta anitzago, zorrotzagoari erantzungo diona, 17/2023 Hezkuntza Legearekin bat datorrena eta etengabeko eraldaketa pedagogiko, sozial eta teknologikora egokitzen zaiona.
HeziLab eta BiziLab sortzeak orain arte Berritzeguneek — eskualdekoak eta zentrala — eta Ingurugela zerbitzuak betetzen zituzten eginkizunak berrantolatzea eta espezializatzea dakar, eredu argiagoa, osagarriagoa eta efizienteagoa eratzea, hain zuzen.
Bi erakundeek hezkuntza-sistema eraldatzeko palanka-elementu gisa jardungo dute, eta modu koordinatuan lan egingo dute, lankidetza- eta zerbitzu-eredu partekatua sustatuz. Eredu horri esker, ikastetxeei laguntza koherenteagoa, estrategikoagoa eta beren benetako beharretara egokituagoa eskaini ahal izango zaie.
Eredu berri horrek honako hau dakar:
- Aurrerapen kualitatiboa hezkuntza-sistemari laguntzeko zerbitzuen profesionalizazioan, argi eta garbi definitutako funtzioak dituzten talde espezializatuak finkatuko baitira.
- Sisteman identifikatutako behar berriei erantzuteko egitura, gizarte- eta hezkuntza-aldaketetara egokitutako programa eta proiektu malguak izango dituena.
- Koherentzia handiagoa ikastetxeen artean hedatutako ildo estrategikoen artean, arau-esparru berrietara eta ikastetxeetan sortzen diren beharretara egokituta.
- Aholkularitza kolaboratiboagoa, sare-lanean oinarritua.
- Ezagutza gehiago transferitzea, ikastetxeen arteko lotura eta ikaskuntzen sistematizazioa eta hedapena sustatuz.
- Ikastetxeen lidergo pedagogikoa indartzea.
Hezkuntza sailburuak adierazi duen bezala, «hezkuntza-kalitatea indartu nahi da, ikastetxeei laguntza espezializatuagoa emanez, egungo erronkekin lerrokatuta».
HeziLab: berrikuntza pedagogikoa eta ikaskuntzaren eraldaketa
HeziLab, Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, euskal hezkuntza-sistemaren erreferentea izango da berrikuntza pedagogiko, metodologiko eta teknologikoaren arloan.
Helburu nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Metodologiaren hobekuntza eta hezkuntza-ikerketa bultzatzea.
- Irakasleen prestakuntza praktikoa eta laguntza indartzea.
- Ebidentzietan oinarritutako proiektu pilotuak eta hobekuntza-prozesuak sustatzea.
- Aurrez aurreko ikaskuntza-ingurune berrietan eta ingurune digitaletan aurrera egitea.
- Ikastetxeen lidergo pedagogikoa eta antolamendu-eraldaketa babestea.
HeziLabek ikastetxeei lagunduko die irakaskuntza- eta ikaskuntza-praktikak eraldatzen, tresnak, adituen ezagutza eta laguntza estrategikoa emanez ikaskuntza-ingurune konpetentzialagoak, inklusiboagoak eta XXI. mendeko erronketara egokituagoak finkatzeko.
BiziLab: inklusioa, bizikidetza eta aniztasuna hezkuntza-arrakastaren zutabe gisa
Bestalde, BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroak ikastetxeentzako laguntza indartuko du funtsezko eremuetan, ekitatea, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna bermatzeko.
BiziLabek honako hauetan oinarrituko du bere jarduna:
- Hezkuntza-inklusioa eta ikasteko eta parte hartzeko oztopoak kentzea.
- Bizikidetza positiboa eta ongizate emozionala.
- Aniztasuna kudeatzea eta ikasleen hezkuntza-premiei erantzutea.
- Hezkidetza eskolaren eta eskola inklusiboaren ereduak indartzea.
Egitura berriak jarduketa-eredu eraginkorragoak eta testuinguruan kokatuak bultzatuko ditu, ikastetxeek gero eta anitzagoa den gizarte- eta hezkuntza-errealitateari erantzun egokia emateko dituzten gaitasunak indartuz, eta beste eremu instituzional batzuekin koordinatuta, beharrezkoa denean.
«Inklusioa eta bizikidetza funtsezko zutabeak dira ikasle guztien hezkuntza-arrakasta bermatzeko», azpimarratu du sailburuak, eta gaineratu du egitura berriak aukera emango duela laguntza hurbilagoa, espezializatuagoa eta koherenteagoa eskaintzeko gehien behar den lekuetan.
Hezkuntza-sistema indartsuagoa, ekitatiboagoa eta berritzaileagoa
HeziLab eta BiziLab sortuta, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sistemari laguntzeko eredu bat finkatu du. Eredu horrek:
- Ikastetxeek beren hobekuntza gidatzeko duten gaitasuna indartzen du.
- Hezkuntza-berrikuntza eta ikaskuntzen kalitatea sustatzen ditu.
- Ekitatea eta bikaintasuna modu bereizezinean aurrera egitea bermatzen du.
Azken helburua da hezkuntza-sistema bat eraikitzen jarraitzea, ikasle bakoitzari bere garapen pertsonalean eta akademikoan lagunduko diona eta ikastetxeei behar duen babesa emango diena, ikasle guztiek ahalik eta potentzial handiena izan dezaten.






