BIGSOUND Barakaldo jaialdiaren lehen edizioa 2026ko uztailaren 3an eta 4an izango da Ansioko erakustazokan; bi egunez, udako musikaren epizentroetako bat bihurtuko da hiria, musikaz, gastronomiaz eta esperientziaz blai.
Gaur goizean prentsaurrekoa izan da Barakaldoko Udaletxean, eta jaialdian parte hartuko duen beste artista baten izena gehitu diote lehendik iragarritako artisten zerrendari: Leire Martinez arituko da, besteak beste, Myke Towers, Lola Índigo, Juan Magán, Omar Montes, Beret, Nil Moliner, Veintiuno, Despistaos, Lucho RK, Kidd Voodoo, Ptazeta, Samuraï eta Mafalda Cardenal musikariekin batera; horiek guztiak ikusteko aukera bakarra izango da Euskadin 2026an.
Euskal Herriko talentuaren ordezkari Inazio, Ben Yart eta Euskoprincess izango dira; izan ere, tokiko eszenei ikusgaitasuna emateko apustu sendoa egiten baitu jaialdiak, ikono ospetsuak eta ahots berriak uztartzen dituen kartela prestatuta.
BIGSOUND: LEIRE MARTINEZEN ETAPA BERRIA EZAGUTZEKO AUKERA
Artistaren ibilbideko unerik adierazgarrienetako baten agertoki izango da jaialdia. Estatuko poparen ahotsik ezagunenetariko bat izanik, eta belaunaldi oso bat markatu duen ibilbidearen ondoren, Leire Martínez bakarkako etapa berrian buru-belarri sartuta dator Ansiora, Historias de aquella niña lehen albuma kaleratzearekin batera.
Errenterian (Gipuzkoa) jaio, eta 17 urtez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari izan da Leire; taldearekin mundu osoko agertokietan barrena ibili da ereserki bihurtu diren abestiak kantatzen: Rosas, La playa edo Jueves, esaterako. Orain, etapa berri bati ekin dio errenteriarrak. Hainbat sari ere jaso ditu, hala nola Artista Errebelazioaren 40 Principales saria eta Abesti Onenaren Ondas saria. 2025ean BIGSOUND jaialdiaren Valentziako eta Pontevedrako edizioetan sumatu zitzaion bilakaera, klasikoen emozioa nortasunez betetako konposizio berriekin uztartuta.
2026ko otsailaren 20an argitaratu zuen Historias de aquella niña diskoa, pop rock estiloko 12 abestirekin, hasiera berri baten adierazgarri: barruranzko begirada zintzo bat, intimitatetik potentziara bitarteko bidean, maitasuna, hazkundea eta autoonarpena landuta Edurne, Miranda!, Andrés Suárez eta Abraham Mateo artisten kolaborazioekin.
BIGSOUND BARAKALDO: MUSIKA BAINO ASKOZ GEHIAGO, KULTURAREN ETA EKONOMIAREN MOTOR
BIGSOUND ez da jaialdi bat soilik: kultura, turismoa eta alderdi soziala uztartzen dituen proiektua da, jaialdia hartzen duen hiri bakoitza sormenerako eta komunitaterako nazioarteko topagune bilakatuta.
Bost urteko ibilbide honetan, 300.000 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira jaialdiaren egoitza guztiak kontuan izanik; horrela, bada, Estatuko mainstream eta musika urbanoaren plataforma nagusietako bat dela esan dezakegu. Barakaldora etortzeak beste bultzada bat ematen dio eredu horri, non formatu handiko musika-programazioa inpaktu ekonomikoarekin eta kanpo-proiekzioarekin konbinatzen den. Barakaldoko Udala da babesle, Last Tour konpainiaren laguntzarekin.
Ingurunearekiko konpromisoak enplegua eta dinamizazioa ere badakartza hirira. Inguralde Barakaldoko garapen-agentziak jaialdiaren ekoizpenarekin loturiko zenbait kontratu kudeatuko ditu. Lanbideren zentro laguntzaile den aldetik, udalerriko langabeei edo enplegua hobetu nahi dutenei zuzendutako hautaketa-prozesuak aktibatuko ditu, ekitaldiaren eraginez hirian aukera zuzenak sor daitezen.
Agertokietatik haratago, BIGSOUND kultur esperientzia erabatekotzat har daiteke, gune gastronomikoak, market gunea, atseden hartzeko eremuak eta animazio-proposamenak eskaintzen ditu eta. Barakaldoko lehen edizioan, musika-aniztasunaren alde egingo du berriro jaialdiak, munduan nagusi diren joerak ezagut ditzagun, hala nola reggaeton, dancehall, pop, elektronika eta soinu urbanoak, eta hori guztia nazioarteko ikonoak, estreinaldi esklusiboak eta talentu hasiberriak konbinatzen dituen formula batekin, adin guztietako ikus-entzuleen gozagarri.
Edizioz edizio, Bizarrap, Duki, Nicky Jam, C. Tangana, Nathy Peluso, Sebastián Yatra, Manuel Turizo, Mora, Ana Mena, Bad Gyal, Ozuna eta goi-mailako beste hainbat artista izan ditugu jaialdian; argi dago, beraz, genero urbanoaren eta mainstreamaren erreferentziako topagune eztabaidaezina dela. Musikaren industria jabetu da hazkunde horretaz, eta saritu ere egin du: 2025eko abenduan, Urteko musika-ekitaldiaren saria eskuratu zuen BIGSOUND jaialdiak TIIM Awards sarietan, eta aurtengo Iberian Festival Awards 2026 sarietan finalistetako bat da.
ABONUAK ETA DESKONTUAK BARAKALDON ERROLDATUTA DAUDENENTZAT
BIGSOUND Barakaldo jaialdirako abonuak % 25eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzte Barakaldon erroldatuta daudenek, martxoa osoan edo eskuragarri dagoen kupoa agortu arte. Ekimen horren bitartez, jaialdiak hiriarekin duen konpromisoa indartzen da, barakaldarrei lehentasuna ematen dien aldetik.
Promozio horren bitartez erositako sarrerak izendunak izango dira, eta jaialdiaren eremura sartzean nork bere eskumuturrekoa jasotzera joan beharko du nahitaez, NANa eta dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.
Deskontua eskatzeko prozedurari eta baldintzei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgune ofizialean dago eskuragarri: bigsoundfestival.com
Jarraitu BIGSOUND sareetan: bigsoundfestival.com | X: BIGSOUNDFestVlc | IG: BIGSOUNDfestival | YT: BIGSOUND Festival
BIGSOUND – PRENTSARAKO KONTAKTUA: Pat Quinteiro | +34 653791436 | prensa@bigsoundfestival.com | Prentsa-materiala hemen. AKREDITAZIOAK ESKATZEKO EPEA ZABALIK – HEMEN
DATU GARRANTZITSUENAK
Datak: 2026ko uztailak 3 eta 4
Lekua: Ansioko erakustazoka
Lehen aurrerapena (A–Z): Ben Yart · Beret · Despistaos · Euskoprincess · Inazio · Juan Magán · Kidd Voodoo · Leire Martínez · Lola Índigo · Lucho RK · Mafalda Cardenal · Myke Towers · Nil Moliner · Omar Montes · Ptazeta · Samuraï · Veintiuno.
Sarrerak salgai, hemen: BIGSOUND





