Galdakaoko eraikin bat husteko dispositiboa kudeatzen ari da Ertzaintza

0

Gaur, asteazkena, Ibaizabaleko Ertzain-etxeko agenteek, Brigada Mugikorreko Unitateko agenteen laguntzarekin eta Galdakaoko Udaltzaingoarekin koordinatuta, Galdakaoko Bengoetxe auzoko eraikin abandonatu batean zeuden pertsonak atera dituzte.

 

Eraikinean gaua ematen duten pertsonen integritate fisikoa arrisku larrian zegoela ikusirik hustu dute eraikina. Izan ere, Galdakaoko Udaleko hirigintza-teknikari batek egiaztatu du eraikinaren egitura egoera txarrean dagoela eta eraikina kolapsatzeko arriskuan dagoela.

 

Barruan zeuden hamabost pertsonak, guztiak magrebtarrak, arazorik gabe atera ahal izan dira eraikinetik, eta suhiltzaileek barruan ez zela inor geratzen egiaztatu dute. Ondoren, Polizia Nazionalaren Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadako agenteak arduratu dira eraikinetik ateratako pertsonen nortasunak egiaztatzeaz. Horietako bi haien egoitzara eraman dituzte, Estatuan duten lege-egoera egiaztatze aldera.

 

Ertzaintzak identifikatuetako bat atxilotu du, 30 urtekoa eta magrebtarra, atxilotzeko errekisitoria judiziala baitzuen indarrean.

 

Osasun-arloko langile batek eraikinetik atera duten beste pertsonetako bat artatu behar izan du, berak eragindako ebaki bat baitzuen bekokian; azkenean, osasun-zentro batera eraman behar izan dute.

 

Horrez gain, identifikatuetako bi elkarri joka hasi dira, eta Brigada Mugikorreko agenteek esku hartu behar izan dute borrokan jarrai ez zezaten; horietako hiruk asistentzia medikoa behar izan dute.

 

Galdakaoko Udaleko obretako langileek eraikina hormatu dute, berriro inor barrura sar ez dadin.