Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, “unibertsitateko hamar tituludunetik zortzik graduatu eta hiru urtera lanean ari dira”, eta nabarmendu egin ditu laneratzeko eta prestakuntzarako 30 urtetik beherakoentzako bere sailak ematen dituen laguntzak eta programak
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “ezagutzak, prestakuntzak eta talentuak jarraitzen dute izaten enplegua lortzeko motor sendoenetako bat”. Gaur, asteazkena, EHUren Bizkaiko Campuseko Enplegu Foroaren inaugurazioan, Torresek azpimarratu du “pertsona askoren bizitzako unerik garrantzitsuenetako bat” dela unibertsitatearen eta lan merkatuaren arteko trantsizio etapa.
Lehendakariordeak berretsi egin du berak zuzentzen duen sailaren eta
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren konpromisoa, gazteen kalitatezko enplegua bultzatzen jarraitzeagatik, ikasketen eta lan munduaren arteko trantsizioa “azkarragoa, bidezkoagoa eta aukera hobeak dituena errazteko”. Testuinguru horretan, adierazi du egoera “oso positiboa” islatzen dutela, “oro har”, Euskadiko laneratzeari buruzko datuek.
“Unibertsitateko titulua duten hamar pertsonatik zortzi lanean ari dira ikasketak amaitu eta hiru urtera, eta hamarretik bederatzik, batez beste, bilaketa aktiboa hasi eta hiru hilabeteko epean aurkitzen lana”, azaldu du Mikel Torresek. Era berean, gogorarazi du prestakuntzaren eta enpleguaren arteko erlazioak okupazio tasa “bereziki altuak” dituela, eta tasak % 97ra iristen direla arlo teknikoetan, % 95era osasunaren arloan eta % 93ra ikasketa ekonomiko juridikoetan.
“Unibertsitateko prestakuntzak, enpleguari ateak irekitzeaz gain, kasu askotan, sarbidea ahalbidetzen du eskuratutako ezagutzarekin lotura zuzena duten esparruetara”, adierazi du. Izan ere, belaunaldien arteko erreleboak lan aukeren sorreran duen eragina ere azpimarratu du. Lanbideren aurreikuspenen arabera, hemendik 2036ra bitartean, 265.000 enplegu aukera baino gehiago sortuko dira unibertsitate ikasketak edo goi mailako lanbide heziketakoak dituztenentzat.
Programa espezifikoak
Horretarako, Lehendakariordeak adierazi du programa espezifikoak ari dela “indartzen” Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa 30 urtetik beherakoentzat; hala nola, Lehen Aukera, lehen lan esperientzia, errelebo kontratua edo ikerketa eta talentu zientifikoa sustatzea helburu duen Ikerlan ekimenaren bitartez. “Produkzio sarearekiko lankidetza funtsezkoa da benetako enplegu aukerak sortzeko”, baieztatu du.
Gainera, Mikel Torresek ziurtatu du Lanbide ere “funtsezko tresna” dela prestakuntzarako, ekintzailetzari, prestakuntzari eta espezializazio teknikoari laguntzeko ekintzak garatzeagatik. Nabarmentzekoak dira bootcampak datuen zientzian, zibersegurtasuna, Full Stack garapena, marketin digitala edo adimen artifizialean oinarritutako Developers from Euskadi programa.
Torresek mezu bat helarazi die gazteei amaitzeko: “Erakunde publikoek erantzukizun argia dugu: zuei laguntzea, zuen lan merkaturako trantsizioa erraztea eta aurkitzen dituzuen enpleguak kalitatezko enpleguak izan daitezen laguntzea”. “Berdintasun, aukera, gizarte kohesio eta etorkizun handiagoko Euskadi baten alde ari gara lanean. Zuen talentuaren, zuen prestakuntzaren eta irtenbide berriak irudikatzeko eta eraikitzeko gaitasunaren mende dago, neurri batean, Euskadiren etorkizuna”, gaineratu du Lehendakariordeak.






