- Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkatea izan dira Arabako hiriburuak aurrean dituen segurtasun publikoaren erronka nagusiak aztertzeko balio izan duen bileraren buru.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak eta Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak Basque Segurtasun Foroaren saio berri batean parte hartu dute gaur. Saioa Europa Biltzar Jauregian egin da, eta bertan Arabako hiriburuko 40 bat ordezkari instituzional, sozial eta ekonomikok hartu dute parte.
Saioan zehar, parte-hartzaileek, dinamika parte-hartzaile baten bidez, hiriak aurrean dituen segurtasun-erronka nagusiei buruzko diagnostikoak eta proposamenak partekatu dituzte, baita koordinazioa eta erakundeen erantzuna hobetzeko balizko jardun-ildoak ere. Landutako gaien artean honako hauek egon dira: herritarren segurtasuna, emakumeen aurkako indarkeria, bide-segurtasuna, ziberdelinkuentzia, larrialdien kudeaketa, desinformazioa eta balioen galera, besteak beste.
Topaketak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arduradunak bildu ditu, baita hiriko beste ordezkari politiko batzuk ere; Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agintariak, Babes Zibila, Osakidetza, Gurutze Gorria, eta ostalaritza-elkarteetako, erretiratuen, kolektibo kalteberen, hezkuntza-zentroen eta kultura zein kirol ekitaldien arloko eragileak ere.
Parte-hartze prozesua Euskadi osoan
Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hamazortzigarren bilera izan da, aurretik Ibaizabalen, Bidasoan, Mungialdean, Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Arabako Errioxan eta Arabako Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenean, Enkarterrin, Araban eta Gipuzkoan egindako saioen ondoren.
Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat ikuspegi integral batetik eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak
Foroaren hurrengo bilera martxoaren 16an egingo da, Azkoitian.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren adierazpenak hemen.






