Hitzarmenari esker, atzerrian ikasketak egin dituztenek izapidetze arinago eta seguruago batekin jarraitu ahal izango dute prestakuntza
Eusko Jaurlaritzak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioarekin, Kataluniako Generalitatearekin eta Galiziako Xuntarekin hitzarmen bat sinatzea onartu du, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako atzerriko titulu eta ikasketak homologatzeko eta baliozkotzeko lankidetza indartzeko.
Hitzarmen horren helburua da espedienteen izapidetze arinagoa, homogeneoagoa eta seguruagoa egitea, administrazio eskudunen arteko koordinazioa hobetuz eta atzerrian ikasketak egin dituzten pertsonek beren prestakuntzan azkarrago jarrai dezaten lagunduz.
Hitzarmen honen esparruan, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak aplikazio informatiko bat garatu eta mantenduko du. Horren bidez, atzerriko titulu ez-unibertsitarioen homologazio- eta baliozkotze-espedienteen oinarrizko identifikazio-datuak kontsultatu ahal izango dira, horiek izapidetzen dituen hezkuntza-administrazioa edozein dela ere.
Halaber, hitzarmenak administrazio sinatzaileen ordezkariz osatutako batzorde tekniko bat sortzea aurreikusten du. Batzorde hori arduratuko da sistemaren funtzionamendua gainbegiratzeaz, interpretazio-arazoak konpontzeaz eta homologazio- eta baliozkotze-prozesuetan aplikatutako irizpideen homogeneizazioan aurrera egiteaz.
Hitzarmenak ez du eduki ekonomikorik, eta, hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin.






