Osasun Sailak eta Euskadiko farmazialarien elkargo ofizialek farmazia komunitarioaren zeregin asistentziala indartu dute, farmazia-arretako programak sendotzearekin

0

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Euskal Herriko Farmazialarien Elkargo Ofizialetako presidenteekin batera, Milagros López de Ocáriz, Arabako Elkargoko presidentea eta, gaur egun, Kontseilukoa; Juan Uriarte, Bizkaiko Elkargoko presidentea; eta Miguel Ángel Gastelurrutia, Gipuzkoakoa, aurkeztu dituzte gaur, Gasteizen, Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak Euskadiko farmaziekin abian dituen programak, 2026rako 2 milioi euro inguruko inbertsio globalarekin.

Hiriko farmaziarik zaharrenean egin den ekitaldiak —farmazia horrek 200 urte baino gehiagoko historia du— Osasun Sailaren eta Euskadiko farmazien arteko hiru hamarkadatik gorako lankidetza sinbolizatzen du. Osasuneko sailburuak adierazi du oso garrantzitsua dela farmaziak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sisteman integratzea eta osasun-eragile gisa betetzen duten zeregina indartzea.

Bestalde, Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak balioetsi du Euskadiko farmaziek farmazia-zerbitzu asistentzialak garatzeko eta ezartzeko eta osasun publikoko programetan eta politiketan parte hartzeko elkarlan estua, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren osasunaren onurarako. “Lankidetza horrek egunez egun sendotzen du farmazialariaren zeregin asistentziala eta soziala, osasun-sistema publikoan integratuta dagoen funtsezko eragile soziosanitario den aldetik”, erantsi du.

Farmazia komunitarioa, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren giltzarria

Askotan, gure pazienteek farmazia-bulegoetan izaten dute osasun-sistemarekin kontakturik handiena, farmaziek pazientearekiko duten gertutasunagatik eta hurbiltasunagatik. Farmaziek balio erabakigarria izaten dute asistentziaren jarraitutasunean eta tratamendu farmakologikoaren jarraipenean, batik bat zahartzearen eta kronikotasunaren testuinguruan. Alberto Martinez sailburuak adierazi du farmaziak funtsezko eragileak direla herritarrei arreta integratuagoa, prebentiboagoa eta hurbilagoa emateko garaian. “Osasunean eta pertsona bakoitzaren premia indibidualetan zentratuago dagoen eta ingurune komunitarioarekin lotura handiagoa duen osasun-sistema behar dugu”, eman du aditzera.

Farmazialarien Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, abian diren programek farmazia-arreta pertsonalizatua eta sendagaien erabilera arrazionala hobetzea ahalbidetzen dute, eta osasun-arazoak detektatzen eta prebenitzen laguntzen dute. “Tratamendu farmakologikoekiko atxikidura, jarraipen farmakoterapeutikoa, zaintza farmakologikoa edo etxez etxeko farmazia-arreta gisako programak lankidetza horren emaitzaren adibide argiak dira”, azaldu du López de Ocarizek.

Euskadiko farmaziekiko lankidetzaren ildo nagusiak

Osasun Saila eta Farmazialarien Elkargo Ofizialak elkarlanean ari dira pazienteek osasun-emaitzarik onenak lor ditzaten eta bizi-kalitatea hobetu dezaten, farmazia komunitarioarekin batera abian jartzen ari diren farmazia-arretako programen ondorioz.

2026rako 2 milioi euroko inbertsioarekin, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Sendagaien Erabilera Hobetzeko Programa, Asma eta BGBK dutenentzako Atxikidura Hobetzeko Programa eta Botika Etxean Eskura Programa —Añanako eta Arabako Mendialdeko landa-eremuetan sendagaien eskuragarritasun segurua bermatzea helburu duena—. Hiru programa horiek gizarte-zerbitzuekin koordinatuta daude, eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen eredu berriak eta gero eta adineko pertsona gehiago egoteak eragindako gizarte- eta osasun-paradigma berriari erantzun nahi diote.

  1. MUMSAD programa – Sendagaien erabilera hobetzea. 2009tik dago indarrean, eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatzen dituzten eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzentzen zaie. 2026an, 225 udalerritan akreditatutako 778 farmaziak parte hartzen dute, eta ia 3.000 pertsona artatzen dira Dosifikazio-sistema pertsonalizatua, sendagaien berrikuspena eta lehen mailako arretarekiko koordinazio zuzena barne hartzen ditu.
  2. Landa-farmazia — Botika Etxean Eskura. Programa honek Añanako eta Arabako Mendialdeko landa-eremuetan sendagaiak eta farmazia-arreta integrala modu seguruan eskuratzea bermatzen du. Gaur egun 34 administrazio-batzarretako 64 pazienteri ematen die arreta. Sailburuak nabarmendu duenez, “landa-farmaziak eremu barreiatu eta zahartuetan funtsezko zerbitzu gisa duen ahalmena islatzen duen eredua da”.
  3. Asma eta BGBK dutenentzako atxikidura-programa. Farmazia akreditatuen sareak pazienteekin lan egiten du inhalazio-teknika hobetzeko eta tratamenduekiko atxikidura indartzeko. 2026an 193 farmaziak eta 527 pazientek hartzen dute parte.
  4. GIB/HIES test azkarrak farmazietan. Farmazia akreditatuen sareak baheketa eskuragarria eta konfidentziala eskaintzen du. 2026an 59 farmaziak hartzen dute parte.
  5. Opiazeo bidezko tratamendua (metadona). Hitzarmenak opiazeoekiko mendekotasuna duten pertsonei metadona ematea ezartzen du. Administrazioak eta farmazia-bulegoek sinatu zuten lehen hitzarmena da, 1995ekoa. 2026an 283 farmazia daude akreditatuta, 840 pazienterekin.
  6. Hornidura-gabeziei aurre egiteko komunikazio-estrategia. Hornidura-gorabeherak detektatzeko eta kudeatzeko 2024an sinatutako hitzarmena. 2025ean, 318 gorabehera jakinarazi ziren, eta horietatik 135 AEMPSi helarazi zitzaizkion.
  7. Farmazia Jagoleen Sarea. Farmazia-bulegoek erreakzio kaltegarriak eta sendagaien segurtasun-gorabeherekin lotutako arazoak jakinarazten dituzte. 77 farmaziak parte hartu dute eta 356 jakinarazpen egin dira
  8. Farmaziako eta Lehen Mailako Arretako komunikazio-programa pilotua. Tratamenduekin lotutako premiazko gorabeherak kudeatzeko sistema.
    Euskadiko 13 ESItako lehen mailako arretako unitateek parte hartzen
  9. Xiringak trukatzeko programa. GIBa eta beste infekzio batzuk prebenitzeko ibilbide luzeko ekimena da. 38 farmaziak hartzen dute parte.

Hurrengo urratsak: beste programa berritzaile batzuk

Osasun Saila aurrera egiten ari da beste programa berritzaile batzuen garapenean, farmazia-arretaren ikuspegitik ez ezik, programen ordainsariaren arlotik ere bai —osasun-emaitzen arabera—, adibidez:

  • Komunikazio-programa farmazia komunitarioen eta osasun-zentroen artean hedatzea.
  • Jarraipen Farmakoterapeutikorako Programa Unibertsala hedatzea 2 motako diabetesa duten paziente polimedikatuentzat.
  • Ospitaleko sendagaiak elkarlanean ematea, farmazia-bulegoen bitartez, betiere ospitaleko sendagaiak hurbil entregatzeko proiektu pilotu baten bidez.
  • Sendagaien ontzietako datamatrix-kodearen bidez fakturatzeko sistema ezartzea eta, horrela, kupoi zigilatua mozteari eta itsasteari uztea.

Bultzada hori bat dator Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoekin. Izatez, Itun horren helburua da osasun-eredu proaktiboagoa, integratuagoa eta jasangarriagoa eraikitzea, eta, horretarako, “pertsonak erdigunean dituen eta osasun-emaitzetara bideratzen den sistemarako bidea zehazten du”. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 2024-2028 Gobernu Programak jasotzen du farmaziek osasun-eragile gisa betetzen duten zeregina indartzeko konpromisoa. “Pixkanaka ari gara farmazia komunitarioa osasun-sisteman integratzen, eta Lehen Mailako Arretarekiko, Arreta Espezializatuarekiko eta Gizarte Zerbitzuekiko koordinazioa indartzen. Pazienteek emaitzarik onenak lortu behar dituzte osasunaren arloan, eta bizi-kalitatea hobetu behar dute, elkarrekin garatzen dugun farmazia-arretari esker”, adierazi du sailburuak. Horretarako, 2026an, Osasun Sailak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu medikazioan, bai ospitalekoan bai komunitarioan, pazienteen sendagaietarako irisgarritasuna bermatuz.