Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-sektorearen likidezia bultzatzen du

0
  • CaixaBankekin eta Laboral Kutxarekin sinatutako hitzarmen berriek ordainketen aurrerakina baldintza onuragarrietan eskuratzea ahalbidetuko dute
  • Neurriak nekazaritza eta abeltzaintza-ustiategien egonkortasuna indartzen du ziurgabetasun-testuinguru batean

Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-sektoreari ematen dion babesa indartu du CaixaBankekin eta Laboral Kutxarekin lankidetza-hitzarmen berriak sinatuz; bi horiek bat egiten dute lehendik Rural Kutxarekin indarrean zegoen hitzarmenarekin. Akordio horiei esker, Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) onuradunek beren laguntzen aurrerakina eskatu ahal izango dute Eskabide Bakarra aurkezten duten unetik bertatik, eta horrela likidezia bermatuko da nekazaritza-jarduerarentzat urteko une giltzarri batean.

Finantza-tresna hau ustiategien plangintza eta kudeaketa errazteko diseinatuta dago, eta aukera ematen du segurtasun handiagoz aurre egiteko ohiko gastuei, hala nola inputen erosketari, kanpainen prestaketari edo instalazioen mantentze-lanei. Aurrerakin hauen baldintza onuragarriek diruzaintza-tentsioak saihesten laguntzen dute, NPEren ohiko ordainketak gauzatu arte.

Hiru hitzarmen horiek sendotuta, Eusko Jaurlaritzak irismen handiko finantza-erakundeekin lankidetza-sare bat eratu du, tresna honetara sarbide arin eta segurua bermatzeko. Neurri honek bereziki garrantzia hartzen du merkatuen hegazkortasunak, tentsio geopolitikoek eta gatazka belikoek markatutako nazioarteko testuinguru batean; izan ere, faktore horiek zuzenean eragiten diete ustiategien kostuei eta errentagarritasunari.

Eskabideak erakunde finantzario laguntzaileen bulegoetan egin ahal izango dira, Eskabide Bakarrari dagokion dokumentazioa aurkeztuta. Eusko Jaurlaritzak, bere Erakunde Ordaintzailearen bidez, eskatzaileen hautagarritasuna egiaztatuko du, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (FEGA) datuen arabera.

Hitzarmenak 2026ko NPEri dagokion azken ordainketaren epea amaitu arte egongo dira indarrean, eta, horrela, Euskadiko nekazaritza-sektore osoarentzat finantza-babes sendoa bermatuko da.