Basquetourrek eta Bilboko Udalak Artxandako funikularra bultzatuko dute Euskadiko turismo-inspiraziorako baliabide gisa  

0
  • Egitasmoak Euskadi ezagutzeko inspirazio-gune bihurtuko du ingurunea, erabiltzaileen eguneroko esperientzia oztopatuko ez duten esku-hartze sotilen bidez.
  • Lankidetza bi fasetan garatuko da: lehenik, geltokian eta ibilbidean esku-hartzeak egingo dira; eta, ondoren, begiratokiaren espazioan gauzatuko dira jarduerak.

Basquetourrek eta Bilboko Udalak lankidetza estrategiko bat jarri dute abian, Artxandako funikularrak hirian gehien bisitatzen den turismo-baliabideetako bat den aldetik duen zeregina indartzeko. Hala, haren ondare-balioa eta garraio publiko gisa duen funtzioa hiria bisitatzen dutenentzako turismo-inspirazioko aukera berriekin integratu nahi dituzte.

Duela mende bat baino gehiagotik, Artxandako funikularra funtsezko elementua da Bilboko eguneroko paisaian: hiri-ingurunea naturarekin lotzen du, eta hiriko ikuspegi adierazgarrienetako bat eskaintzen du. Proiektu bateratu hau premisa argi batetik abiatzen da: zerbitzu publiko gisa duen nortasuna zaintzea —estetika funtzionala eta ondarezkoa mantenduz—, eta atrakzio tematizatu bihurtzea saihestea.

Bi erakundeek eredu orekatu baten aldeko apustua egiten dute, funikularraren erabilera turistiko gero eta handiagoa —bidaiaren esperientziak nahiz behatokiaren erakargarritasunak bultzatua— aprobetxatzeko, betiere horrek herritarren eguneroko erabilera oztopatu gabe.

Daniel Solana Basquetourreko zuzendariarentzat, «funikularra Bilbok duen erakargarri turistiko enblematikoenetako bat da, Artxanda mendira sartzea errazteaz gain, esperientzia bihurtzen baita. Garraiobide historiko horri esker, bisitariek hiriaren ikuspegi panoramiko onenetako batez goza dezakete, eta ezinbesteko erakargarri bihurtu da Bilboko hiri-eraldaketa garaietatik ulertu nahi dutenentzat. Gainera, bere ondare-balioak eta bilbotarren eguneroko bizitzan duen integrazioak esperientzia turistikoa aberasten duen tokiko nortasunaren sinbolo gisa sendotzen dute, historia, paisaia eta mugikortasun jasangarria uztartuz «.

Nora Abete alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun saileko zinegotziarentzat, «Funikularra garraiobide bat izateaz gain, Bilboko eta Euskadiko esperientzia turistikorako ate handi bat bihurtu da». Ildo horretan, azken urtean funiak milioi bat bidaiari inguru izan dituela adierazi du. «Zifra horiek harro sentiarazten gaituzte eta Bilboko punturik enblematiko eta bizienetako baten aurrean gaudela baieztatzen dute», adierazi du.

Bisitariaren esperientzia zabaltzeko aukera bat

Bisitari kopuruaren hazkundeak aukera bat agerian utzi du: turista asko, esperientziak erakarrita, funikularrera igotzen dira, baina gailurrera iristean ez dute jarraitutasun argirik aurkitzen. Basquetourren eta Udalaren arteko lankidetzak erronka horri erantzun nahi dio, hain zuzen ere, hasierako emozio hori lurraldearen kontakizun zabalago batekin lotuz.

Helburua ingurunea inspirazio-gune bihurtzea da, Euskadi bere osotasunean ezagutzera gonbidatzeko; horretarako, funikularraren historiari eta begiratokitik ikusten den paisaiari buruzko edukiak integratuko dira, bai eta Euskadi Basque Country Grand Tour edo Basque Industrial Tourism gisako proposamenak ere.

Espazioan integratutako errespetuzko esku-hartzeak

Proiektua pixkanaka garatuko da. Lehenengo fasean, ingurunearekin bat datozen esku-hartze sotilak egingo dira:

  • Beheko geltokia: Irudi indartsu bat txertatuko da, mezu labur eta iradokitzaile batekin, ikusmina pizteko, zerbitzuaren funtzio nagusian eragin gabe.
  • Igotzeko bidaia: Soinu-esperientzia diskretua, ibilbideari lagunduko dion kontakizun labur eta pausatu batekin, intrusiboa izan gabe.

Informazio-gune dinamiko bat jaisteko eremuan

Itxarongunea turismo-informazioko gune nagusi bihurtuko da, ingurunearekin bat egingo duen ikus-inpaktu handiko diseinu batez hornituta; betiere, espazioaren nortasuna zainduko dela bermatuz:

  • Egungo pantaila digitala erabiliko da, Euskadiko turismo-kanpainekin lotutako eduki eguneragarriekin.
  • Funikularrari, begiratokiari eta Euskadiko esperientziei buruzko informazio dinamikoa emango da.
  • Bisitariaren esperientzia zabaltzeko, liburuxkak eta QR kodeak jarriko dira.

Era berean, espazio horretan egonaldia luzatzea sustatuko da, nasara sartzeko denboren kudeaketaren eta eskuragarri dauden edukiak aztertzera modu naturalean gonbidatzen duten informazio-mezuen bidez. Esperientzia jaitsierako bidaiarekin osatuko da, eta, bertan, Euskadiren funtsa transmitituko duen audio sotil bat izango da entzungai.

Bigarren fase batean, begiratokiaren espazioan esku hartuko da, informazio-elementu integratuak dituen inspirazio-eremu bat prestatzeko —adibidez, kubo interpretatiboak ezarriz—. Bertan, honako gai hauek jorratuko dira:

  • Funikularraren historia, funtzionamendua eta balio sinbolikoa.
  • Paisaia eta inguruneko bitxikeriak.
  • Euskadiko begiratokien sarea eta proposamen turistiko osagarriak.

 Aurreikusitako emaitzak

Ekimen honen bidez, Basquetourrek eta Bilboko Udalak honako hau lortu nahi dute:

  • Bisitariaren esperientzia globala hobetzea, haren pertzepzioa funikularreko bidaiatik haratago zabalduz.
  • Funikularraren nortasuna indartzea, hiriko ondare-, historia- eta emozio-elementu gisa.
  • Ingurunea turismo-inspirazioko gune gisa aktibatzea, Bilbo Euskadi osoarekin lotuz.
  • Ibilbideari zentzu turistikoa ematea, haren funtzio publikoa desitxuratu gabe.
  • Informazio turistikoaren eragina areagotzea jende asko biltzen den gune batean, kalitatezko eduki eguneragarrien bidez.

Lankidetza hau esku-hartze errespetuzko eta jasangarri baten eredu da, turismoa, tokiko nortasuna eta zerbitzu publikoa uztartzen dituena. Horri esker, Artxandako funikularra Euskadi ezagutzeko atari ezin hobea  bilakatuko  da.