Osakidetzak HaurSare jarri du abian, patologia kroniko konplexuak eta zainketa aringarrien beharra dituzten haur eta nerabeentzako arreta espezializatu eta koordinatuko sare berria

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak HaurSare aurkeztu dute gaur, kronikotasun konplexuaren arretarako eta zainketa aringarri pediatrikoetarako Euskadiko sare integral berria. Antolakuntzako proposamen horren helburua da patologia kroniko konplexuak edo bizitza mugatzen duten patologiak dituzten haur eta nerabeentzako eta haien familientzako arreta espezializatua, jarraitua eta koordinatua hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan.

Ekimenak zuzenean erantzuten dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunarekin hartutako konpromisoari, lan egiteko modu integratuagoa, gizatiarragoa eta pertsonen benetako premietara bideratuagoa indartzen baitu. HaurSare ekimenari esker, aurrera egingo da itun horrek jasotzen dituen zenbait ildo estrategikotan: antolaketa-berrikuntzan, kronikotasunaren arretan, bizitzaren amaierako zainketetan, talde profesionalak sendotzean, erizainen trebakuntzan, arretaren humanizazioan eta pazienteen eta familien parte-hartzean.

Ekimena, halaber, Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta gero eta zabalduago dagoen osasun- eta gizarte-errealitate bati erantzuten dio: medikuntzaren aurrerapenari esker, gero eta adingabe gehiago irteten da bizirik gaixotasun larri, kroniko eta konplexuetatik, eta behar-beharrezkoa da arreta luzeagoa, integratuagoa eta hobeto koordinatua, lehen mailako arretaren, ospitaleen, etxearen, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntza-eremuaren artean.

Gaur goizean egin den ekimenaren aurkezpenean, Alberto Martínez Osasuneko sailburuarekin batera izan dira Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia eta Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatriako arduraduna.

Haur batek gaixotasun larria duenean, ez gara gaixotasuna tratatzeaz soilik arduratzen. Familia bati laguntzen diogu, bizitza bati eusten diogu eta duintasuna defendatzen dugu”, adierazi du sailburuak. “Euskadin, zaintzea ez da aukera hutsa: erantzukizun publikoa da”.

Arretaren arloan antolaketa-berrikuntza eskatzen duen errealitatea

Datuek eredu hori indartu beharra islatzen dute. Pediatriako haur eta nerabeen % 6,8k dute patologia kroniko konplexua, eta 10.000 adingabetik 90ek, gutxi gorabehera, zainketa aringarriak behar dituzte. Talde minoritarioa izanik ere, oso eragin handia du osasun-sisteman: ospitalizazio pediatrikoen % 20, gutxi gorabehera, dira; ZIUko egonaldien erdia baino gehiago dira; eta ospitaleko 10 heriotza pediatrikoetatik 8 dira.

Zifra horien atzean errealitate komuna dago: laguntza jarraitua, erantzun azkarrak, profesionalen arteko benetako koordinazioa eta egoera bakoitzera egokitutako hurbileko arreta gizatiarra behar duten familiak.

Azken urteetan paziente horien profila aldatu da. Aurrerapen medikoei esker, gaixotasun konplexuak dituzten adingabeak denbora luzeagoan bizitzen dira, eta horrek areagotu egiten du jarraipena egiteko eta euskarri teknikoa eta arreta emozionala eskaintzeko beharra, baita laguntza-dispositibo desberdinen arteko koordinazioa ere.

HaurSare sortu da, lan-sare partekatua

Errealitate horri erantzun ordenatuagoa, ekitatiboagoa eta eraginkorragoa emateko sortu da HaurSare. Sarea ez da hutsetik abiatzen, Osakidetzako profesional ugarik aurrez egin duten lanetik baizik, eta ahalegin hori egitura komun, egonkor eta jasangarri bihurtzen du.

Eredu berriak gaixotasunaren faseetara eta adingabe bakoitzaren konplexutasun-mailara egokitzen den asistentzia-continuum gisa antolatzen du arreta. Horretarako, arintze-premiak eta konplexutasun klinikoaren maila zehaztasun handiagoz identifikatzea ahalbidetzen duten balorazio-tresna baliozkotuak erabiliko dira (hala nola PaPas eta PedCom).

Arretak Lehen Mailako Arretaren zeregina lehenetsiko du beti, eta jarraipenaren erreferente nagusia izaten jarraituko du, ospitale-talde espezializatuen babesarekin. Neska-mutil bakoitzak unean-unean arretarik egokiena jasotzea da helburua, asistentzia-mailen arteko koordinazio arinarekin eta zainketen plangintza indibidualizatuarekin.

HaurSarek osasun-sistema osoa konektatzen du: erreferentziazko ospitaleak, lehen mailako arreta eta etxea —azken hori izango da zainketaren gune nagusia—”, azaldu du Iratxe Salcedok. “Profesionalen arteko koordinazio erreala funtsezkoa izango da familiei jarraitutasuna, kalitatea eta lasaitasuna eskaintzera begira”.

Asteko zazpi egunetan eta 24 orduz

Osakidetzaren proiektuaren berritasun nagusietako bat da Euskadi osoan arreta jarraitua bermatzea egunean 24 orduz eta astean 7 egunez. Horretarako, sareak diziplina anitzeko ospitale-taldeak izango ditu erreferentziazko lau antolakunde sanitario integratuetan: Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Unibertsitate Ospitalean.

Pediatrek, pediatriako erizain espezialistek, gizarte-langileek eta psikologoek osatuko dituzte talde horiek, Lehen Mailako Arretarekin eta sistemako gainerako dispositiboekin estu koordinatuta. Familiek Osasun Batzordearen bidez baliatu ahal izango dute zerbitzua, zehazki egoera bakoitzaren arabera beharrezkoa den pediatria-ekipoa aktibatuko duen Aringarri Zirkuituaren bidez.

Ereduak zaintza lokalizatuak aurreikusten ditu, eta, beharrezkoa denean, arreta presentzialera bideratzea, batik bat azken egunetako egoeretan, sintoma kontrolagaitzetan edo premiazko etxeko arretaren beharra dagoenean.

Funtsezko figura: erizaina

Proiektu berriak asistentziaren koordinazioa eta jarraitutasuna hobetzeko funtsezkoa izango den pieza gehitu du: kronikotasun konplexuko eta pediatriako zainketa aringarriko kasuen erizain-kudeatzailea. Pediatrian aditua eta aringarrietan ezagutza-maila handia duen profesional horrek kasu konplexuen kudeaketa gidatuko du, etxez etxeko arreta aurreratua egingo du eta ospitalearen, lehen mailako arretaren, familiaren, eskolaren eta gizarte-zerbitzuen arteko lotura izango da.

Guztira, 16 erizainez osatutako sarea aurreikusten da, osasun-eremu integratuetan banatuta. Gaixotasun-prozesu osoan jarraipena egitea, babesa ematea eta laguntzea izango da helburua.

Ekipoen lurralde-banaketa

Antolaketa-proposamenaren arabera, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira erreferentziazko lau ospitaleetan, lurralde bakoitzaren beharretara egokituta.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Bizkairako erreferentziazko zentroa izango da, eta lurraldeko ESIei eta eremu osoko etxez etxeko ospitalizazio pediatrikoari sostengua emango die. Proposamenak aintzat hartzen du bertako lan-taldea indartzea pediatra, erizain espezialista eta administrari gehiagorekin eta Bizkairako gizarte-laneko eta psikologiako estaldura partekatuarekin, Basurturekin batera.

Basurtuko Unibertsitate Ospitalea

Basurtun, kanpo-kontsultetako egungo diziplina anitzeko kontsultak patologia kroniko konplexuak eta zainketa aringarrien beharra dituzten haur eta nerabeak artatzen ditu. Proposamenak aurreikusten du lan-taldea indartzea pediatra, erizain eta administrari gehiagorekin eta Bizkaia osorako gizarte-laneko eta psikologiako baliabide partekatu gehiagorekin.

Donostiako Unibertsitate Ospitalea

Donostian, diziplina anitzeko kontsultak patologia konplexuak eta zainketa aringarrien beharra dituzten adingabeei eskaintzen die arreta, eta lan-taldea handitzeari esker, ahalmen handiagoa izango da etxez etxeko arreta eskaintzeko eta lehen mailako arretako taldeei laguntzeko. Proposamenak pediatria, erizaintza, gizarte-lana, psikologia eta administrazio-laguntza indartzea barne hartzen du.

Arabako Unibertsitate Ospitalea

Araban, helduen zainketa aringarrietako eta lehen mailako arretako taldeen laguntzarekin egin da etxez etxeko arreta. Antolaketa berriak aurreikusten du lurraldea lan-talde minimo propio batez hornitzea. Lan-talde horrek pediatrak, erizainak, administrazio-laguntza, psikologoak eta gizarte-laneko profesionalak izango ditu —helduen dispositiboarekin koordinatuta—.

Arreta psikologikoa eta dolurako babesa

Proposamenean betekizun espezifikoa du laguntza emozionalak. Zainketa aringarri pediatrikoei eta jaiotza-inguruko doluari arreta emate aldera, Bizkaian eta Gipuzkoan lurraldeko psikologo bat izatea aurreikusten da, eta Araban arreta partekatua aurreikusten da helduen zainketa aringarrien unitatearekin.

Helburua da prozesuaren fase guztietan —dolua barnean dela—, laguntza espezializatua eskaintzea haur eta nerabeei zein haien familiei.

Prestakuntza, berrikuntza eta hedapen progresiboa

HaurSare modu progresiboan ezarriko da, profesionalak barne hartzearekin, baliabide materialen hornikuntzarekin, prestakuntza egituratuarekin eta etengabeko arretaren aktibazio mailakatuarekin, 24/7 estaldura osoa lortu arte.

Proiektuak, gainera, hiru maila —oinarrizkoa, tartekoa eta aurreratua— duen prestakuntza-ibilbidea hartzen du aintzat, inplikatutako profesional guztien gaikuntza ziurtatze aldera. Era berean, berrikuntzaren, ikerkuntzaren, koordinazio soziosanitarioaren eta pazienteen eta familien parte-hartzearen aldeko apustua egiten du.

Sarea bat dator Europako ekimenekin, hala nola Hope4Kids ekimenarekin. Osakidetzak ekimen horretan parte hartzen du, eta pediatriako arreta aringarria hobetzeko nazioarteko lankidetza-ingurunean kokatzen du Euskadi.

Osasun gizatiarragoa eta ekitatiboagoa

Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak aditzera eman du ekimen hori ez dela antolaketa-hobekuntza hutsa, osasun publikoa ulertzeko beste modu bat baizik: hurbilagoa, koordinatuagoa, ekitatiboagoa eta gizatiarragoa.

 «Antolaketa-berrikuntza Osakidetzaren konpromiso bat da, asistentzia-koordinazioa eta zainketen jarraitutasuna hobetzera bideratua, betiere pazientearekin erdigunean. Eredu horri esker, arreta integratuagoa, eraginkorragoa eta pertsona bakoitzaren eta haren ingurunearen benetako premietara egokitua eskaintzen da», adierazi du zuzendari nagusiak.