- Euskal politika publikoek Gizarte Ekonomiaren arloan dituzten ildo estrategikoak partekatu ditu Pérez Barredok Hego Amerikako herrialdearen ordezkaritzarekin, baita kooperatibismoari, ekintzailetza kolektiboari eta lan sozietateei laguntzeko tresnak ere
Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak Kolonbiako ordezkaritza baten bisita izan du asteazken honetan, Gizarte Ekonomiaren euskal eredua, kooperatibismoaren garapena eta ongizatearen ekonomiara bideratutako politika publikoak zuzenean ezagutzeko. Kolonbiako hainbat erakunde apirilaren 7tik 10era Euskadin garatzen ari diren nazioarteko misioaren baitan kokatzen da bisita, enpresa erakundeak indartzeari, kalitatezko enplegua sortzeari, antolaketa berrikuntzari eta lurralde sustraitzeari lotutako esperientziak eta jardunbide egokiak ezagutzeko helburuarekin.
Kolonbian ekintzailetza, ekonomia solidarioa eta enpresa garapena bultzatzen erreferente den Coomeva Fundazioaren ordezkariak dira ordezkaritzaren buru, eta herrialdeko hainbat eskualdetatik datozen enpresariek, zuzendariek eta erakundeetako arduradunek osatzen dute, hala nola ingeniaritza, osasuna, hezkuntza, finantza zerbitzuak, teknologia, kultura eta ekonomia solidarioa. Taldekideen artean, gainera, Coomeva Sariaren ordezkariak daude, gizartean eragina duen enpresa bikaintasuna aitortzen duen ekimena.
Bileran, Gizarte Ekonomiaren arloko euskal politika publikoen ildo estrategikoak partekatu ditu Pérez Barredok Kolonbiako ordezkaritzarekin, baita kooperatibismoari, ekintzailetza kolektiboari eta lan-sozietateei laguntzeko tresnak ere, eredu horrek enpleguaren, trantsizio ekonomikoaren eta jasangarritasun sozialaren egungo erronkei aurre egiteko duen balioa azpimarratuz. Halaber, elkarrizketarako gune bat ireki da esperientziak trukatzeko, ereduak konparatzeko eta Euskadik eta Kolonbiak Gizarte Ekonomiaren arloan etorkizunean izan ditzaketen lankidetza bideak aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egin da bilera, ordezkaritzak berak eskatuta, Gizarte Ekonomiaren euskal ekosistema nazioarteko erreferentzia gisa ezagutu nahi baitu, eta agenda zabalago baten baitan kokatzen da, Euskadiko hainbat eragile instituzional eta ekonomikorekin bilerak egitea barne, berrikuntzaren, erantzukizun sozialaren eta tokiko garapenarekiko konpromisoaren ikuspegitik enpresa-erakundeak indartzeko aukera ematen duten mekanismoetan sakontzeko.






