- Alzheimerra tratatzeko etorkizuneko sendagaien garapenean giltzarri izango diren diana terapeutiko berriak identifikatze aldera konputazio kuantikoa aplikatuko duen Euskadiko lehen osasun-proiektua da
- Proiektuak garuneko organoideak garatuko ditu, hau da, pazienteen zeluletan oinarritutako ehun-ereduak, eta horrek tratamendu pertsonalizaturako bidean aurrera egitea ahalbidetuko du
- Basque Quantum-en, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren —Biobizkaiaren, bitartez— Osakidetzaren eta IBM Cleveland Clinic-en arteko nazioarteko aliantza estrategikoa, Euskadi biomedikuntzaren elitean kokatuko duena
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila da Euskadiko ordenagailu kuantikoa erabiliko duen Eusko Jaurlaritzaren lehen ikerketa-proiektuaren buru. Alzheimerraren aurkako borroka irauli nahi duen osasunaren arloko ekimen horren bitartez, diana terapeutiko berriak identifikatu nahi dira, funtsezkoak izango baitira gaixotasun hori tratatzeko etorkizuneko sendagaien garapenean.
Euskadin kokatuta dagoen IBM Quantum ordenagailua, munduan bakarrenetakoa, abangoardiako azpiegitura da, eta Eusko Jaurlaritzak osasunaren arloan zuzenean aplikatzea lehenetsi du, besteak beste. Proiektua Basque Quantum-en, Osasun Sailaren —Biobizkaia Ikerketa Sanitarioko Institutuaren bitartez—, Osakidetzaren eta IBM Cleveland Clinic-en arteko nazioarteko aliantza estrategikoaren emaitza da. Alzheimerra tratatzeko etorkizuneko sendagaien garapenean giltzarri izango diren diana terapeutiko berriak identifikatze aldera konputazio kuantikoa aplikatuko duen Euskadiko lehen osasun-proiektua da, Euskadi biomedikuntzaren elitean kokatuko duena.
Diana terapeutiko berriak
Alzheimerra milaka gene eta prozesu biologikok parte hartzen duten gaixotasun konplexua da, eta metodo informatiko tradizionalekin oso-oso zaila da elkarreragin horiek guztiak aztertzea. Ordenagailu horri esker, Osasun Sailak algoritmo kuantikoak erabiliko ditu erronka hori gainditzeko. Izan ere, garapen bidean dagoen teknologia horrek aurrekaririk gabeko kalkulu-gaitasuna du eta, hartara, datu biologikoen kopuru handiak prozesatu eta aztertu ditzake.
Biobizkaia institutuko lantaldea diana terapeutikoak identifikatuko dituen eta ondoren garuneko organoideetan baliozkotuko dituen algoritmo kuantiko espezifikoak prestatzen ari da. Pazienteen zeluletan oinarrituta laborategian garatutako ehun-eredu txikiak dira, proposatutako tratamenduak ingurune erreal eta pertsonalizatuan eraginkorrak diren ikustea ahalbidetuko dutenak. Laborategian lortutako informazioa baliagarria izango da, halaber, algoritmoak berrentrenatu eta hobetzeko eta teknologiaren eta biologiaren arteko etengabeko hobekuntza-zikloa sortzeko.
Euskadi, etorkizuneko medikuntzaren erreferente
Biobizkaiak eta Osakidetzak, Neuroirudi Konputazionaleko taldeko ikertzaileekin (Ibai Diez, Asier Erramuzpe, Ivan Carcamo, Jesús M. Cortés) eta Basque Quantum-ekin batera, sortutako lantaldeak Osakidetzaren barruan algoritmo kuantikoek dituzten aukerak aztertzen ditu, eta horrek eragin positiboa du Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sare publikoko osoan. Alzheimerrarekin hasi diren arren, algoritmo horiek beste gaixotasun batzuetan erabiltzea ere aztertuko dute, Euskadiko pazienteen mesederako. Lantaldeak, gainera, aliantza estrategikoa du IBMren Cleveland Clinic-eko osasunaren arloko kuantika-taldearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistema zientifikoa munduko biomedikuntzaren elitean sendotuta.
Medikuntza pertsonalizatuaren eta doitasuneko sendagai berrien aldeko apustua
Proiektu horrekin, Eusko Jaurlaritzak lehen mailako azpiegitura teknologikoak erakartzeko duen gaitasuna erakusten du, baita medikuntza pertsonalizatuaren eta doitasuneko sendagaien aurkikuntzaren hurrengo aroa gidatzeko duen talentua ere. Hori guztia bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin. Izatez, osasun-sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+B) ekosistema sendoa, kohesionatua eta lehiakorra finkatzen da, eta gaixotasun neurodegeneratiboen arreta eta detekzio goiztiarra indartzeko lan egiten da.






