Eusko Jaurlaritzak astelehenean, hilaren 13an, irekiko du haurreskoletan izena emateko epea 2026-2027 ikasturterako

0
  • Haur Hezkuntzako lehen zikloak (0-2 urte) doakoa izaten jarraituko du Euskadiko sare publiko osoan.
  • Eskaerak online edo presentzialki aurkeztu ahal izango dira Haurreskoletako edozeinetan.
  • Haurreskolak Partzuergoaren sareak 241 ikastetxe ditu Euskadi osoan eta 8.940 plaza eskaintzen ditu 2026-2027 ikasturterako.

Hezkuntza Sailak apirilaren 13an, astelehena, irekiko du Haurreskoletan izena emateko epea, maiatzaren 4ra arte, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat.

Familiek online edo presentzialki aurkeztu ahal izango dute eskaera euskal sare publikoko edozein ikastetxetan (Haurreskolak), ikastetxea edo ikastetxeak lehentasunaren arabera adierazita, 2025ean eta 2026an jaiotako haurrentzat. Maiatzaren 1etik 10era bitarteko jaioberrien kasuan, gainera, aparteko epe bat ezartzen da maiatzaren 20ra arte eskaera formalizatzeko.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak azpimarratu duenez, “lehen urteetatik hezkuntzarako doako sarbidea bermatzea ez da soilik neurri sozial bat, Eusko Jaurlaritzak aukera-berdintasunaren alde egiten duen apustu estrategiko bat da”. Ildo horretan, gaineratu duenez, “Haurreskolak funtsezko tresna dira hezkuntza-ibilbidearen hasieratik desberdintasunak konpentsatzeko”.

Era berean, nabarmendu duenez, “zerbitzu honek, haurrei beren garapenaren etapa erabakigarri batean lagundu ez ezik, familiei ere zuzenean laguntzen die kontziliazioan”.

SAREA INDARTZEA: IKASTETXE BERRIAK ETA PLAZA GEHIAGO

Haurreskolak Partzuergoaren sareak 241 ikastetxe ditu gaur egun Euskadi osoan, eta 8.940 plaza eskaintzen ditu 2026-2027 ikasturterako. Azken urteotan, doakotasuna ezartzeak eskariaren eta matrikularen hazkundea ekarri du, eta 6.939 haur (0-2) izan dira eskolatzeko matrikulatutakoak.

Datorren ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak sarea zabaltzen jarraituko du, plaza berriak sortuta eta ikastetxe gehiago irekita. Zehazki, 244 plaza berri sartzea aurreikusten da 2026-2027 ikasturterako.

Era berean, gaur egun 8 ikastetxe daude obretan edo handitze-lanetan: Erromo Getxon, Mamariga Santurtzin, Gros, Intxaurrondo hegoaldea eta Loiolako Erriberak Donostian, eta Zamakola, Elejabarri eta Txurdinaga Bilbon. Horrek aukera emango du eskaintza familien beharretara egokitzen jarraitzeko eta Euskadi osoan zerbitzuaren estaldura hobetzeko.

DOAKO ZERBITZUA, EKITATERAKO ETA KONTZILIAZIORAKO FUNTSEZKOA

Eusko Jaurlaritzak Haurreskolen sare publikoaren doakotasunari eusten dio, hezkuntza goiztiarrerako sarbide unibertsala bermatzeko eta lehen urteetatik desberdintasunak murrizten laguntzeko.

Hezkuntzaren alderditik harago, Haurreskolak familia eta lana bateragarri egiteko baliabide bat dira, eta familiei zerbitzu hurbila, irisgarria eta kalitatezkoa eskaintzen diete. Sareak, gainera, eredu inklusiboa bultzatzen du txikitatik, euskara ohiko hizkuntza izanik eta familiekin harreman estua izanik, hezkuntza-prozesu osoan zehar.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuaren hitzetan, “Haurreskolen eredu pedagogikoak haurren ongizatea eta garapen emozionala, kognitiboa eta soziala kokatzen ditu erdigunean, haien beharretara egokitutako ingurune seguru batean”.

Hezkuntzako esku-hartzeak ikaskuntzaren ikuspegi integral bati erantzuten dio, non haurren garapen osorako dimentsio guztiak batera artikulatzen diren. Sailburuak adierazi duenez, “hezkuntza-eredu honek modu integralean ulertzen du haurren hazkundea, haien garapen fisikoa, intelektuala, afektiboa eta soziala eguneroko hezkuntza-jardunean txertatuta”.

ONARPEN-PROZESUAREN EGUTEGIA

Onarpen-prozedura egutegi honen arabera garatuko da:

  • Eskaeren aurkezpena: apirilaren 13tik maiatzaren 4ra.
  • Behin-behineko zerrendak argitaratzea: ekainaren 5ean.
  • Erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko epea: ekainaren 8tik 12ra.
  • Eskaeran atzera egiteko epea: ekainaren 25era arte.
  • Behin betiko zerrendak argitaratzea: ekainaren 26an.

Onarpen-prozesuari, araudiari eta izena emateko eskuliburuei buruzko informazio xehatua Haurreskolak Partzuergoaren webgunean dago eskuragarri.