Torres Lehendakariordeak enplegu politika publikoak defendatu ditu lehentasunezko kolektiboen artean langabezia murrizteko

0

Enplegu Proiektu Integralek “bigarren aukerak” eskaintzeko duten balioa azpimarratu du Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, prestakuntza, laguntza eta lan esperientzia konbinatuz talentua eskaintzarekin konektatzeko

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak langabezia murriztera bideratutako politika publikoak bultzatzen jarraitzen du, bereziki lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen artean, prestakuntza, orientazio pertsonalizatua eta benetako enplegu aukerak  uztartzen dituzten programa integralen bidez.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du, Zumarragan, Lehentasunezko Arretako Kolektiboentzako Enplegu Proiektu Integralen diplomak emateko ekitaldian, esku hartzeko eredu hori errealitate konplexu bati erantzuten diola, «epe luzekoa da langabeen zati handi bat, eta prestakuntza hobetu eta konfiantza berreskuratu behar dute lan merkatura itzultzeko”.

Ildo horretan, Lehentasunezko Arretako Kolektiboentzako Enplegu Proiektu Integralak nabarmendu ditu Torresek, egoera horiei erantzuteko tresna eraginkor moduan: “Ez gara programa abstraktuez ari, benetako beharrei erantzuteko diseinatutako ibilbide zehatzez baizik. Pertsonak erdigunean jartzen dituzten politika publiko erabilgarriak, zehatzak eta eraldatzaileak”.

Programa horiek, besteak beste, 45 urtetik gorako pertsonei, zaurgarritasun egoeran daudenei edo denbora luzez langabezian daudenei zuzendutakoak dira. Horien bidez, lan merkatuaren eskaeretara egokitutako prestakuntza praktikoa, banakako laguntza eta kontratazioaren bidezko lan esperientzia eskaintzen dira, eta, horrela, inklusio sendoagoa eta iraunkorragoa bultzatzen da.

“Langabeziak ez die pertsona guztiei berdin eragiten, eta gure erantzuna ere ezin da orokorra izan”, adierazi du Torresek. “Espezifikoa, lagundua eta denboran mantendutakoa izan behar du, datu bakoitzaren atzean istorio bat duen eta aurrera egiteko borondatea duen pertsona bat baitago”.

Ikuspegi integral horrek enplegagarritasuna hobetzeaz gain, gizarte kohesioari ere laguntzen diola azpimarratu du Torresek: “Kontua ez da soilik ofizio bat ikastea, baizik eta lan ohiturak berreskuratzea, autoestimua indartzea eta etorkizunari itxaropenez begiratzea. Programa horiek enplegua sortzen dute, baina baita inklusioa, duintasuna eta komunitatea ere”.

Enplegu inklusibo eta kalitatezkoarekiko konpromisoa

Zumarragako Udalaren konpromisoa eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eginkizuna aitortu ditu Lehendakariordeak ekimen horiek bultzatzeagatik eta finantzatzeagatik, gehien behar dutenen lan aukerak hobetzeko estrategia iraunkor baten baitan burututako programa delako. 2022tik, Gipuzkoako udalerri horretan, 32 pertsonak parte hartu dute programa horietan, eta hamalau pertsonak lortu dute ondoren lan merkatuan sartzea.

Torresek berretsi egin du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enplegu inklusibo eta kalitatezkoa garatzeko duen konpromisoa: “Ez gara konformatzen enplegua sortzearekin, enplegu duina, egonkorra eta eskubideduna nahi dugu. Lana ezin da prekarietatearen sinonimo izan. Gure helburua da guztiontzako aukera errealak bihurtzearen sinonimo izatea hazkunde ekonomikoa».

Azkenik, politika horiek gizarte justuago bat eraikitzeko giltzarri direla defendatu du: “Enplegua da inklusiorako tresnarik onena. Ez dago aurrerabiderik jendea atzean uzten badu, ezta garapenik ere, inklusiboa ez bada. Horregatik, programa horiek indartzen jarraituko dugu, Euskadin inor atzean gera ez dadin”.