Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak antolatutako Zientzia Ebaluaziorako Adituen Foroak azken saioa egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bilera honekin amaitutzat ematen da ikerketa-jardueraren kalitatea ebaluatzeko prozesuen funtsezko gaiei buruz hausnartzeko eta aztertzeko gune hau.
Foroa 2025eko urritik 2026ko apirilera bitartean garatu da, eta esparru akademikoko eta ikerketako adituak bildu ditu. Adituen foroak helburu hauek izan ditu: ebaluazio zientifikoko sistemak aztertzea eta ikuspegi zorrotza, partekatua eta indarrean dauden arau-esparruekin lerrokatua sustatzea. Hori guztia, ebaluazio-prozesuak hobetzeko eta, aldi berean, komunitate zientifiko eta akademikoko kideen ongizatea zaintzeko asmoz.
Gaur egin den azken saioan sistematizatu egin dira hilabete hauetan egindako lanaren ekarpen eta ondorio nagusiak. Horrela, eremu zientifikoaren eta akademikoaren berezko ebaluazio eta egiaztapenetan neurri eraginkorrak eta jardunbide egokiak definitzeko balizko jardun-ildoak eta gomendioak identifikatu dira.
Foroaren lanen ondorioen azken laburpenaren ondoren, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposamen zehatzak jasoko dituen gida bat prestatuko du, eta Euskal Sistemako unibertsitateei eta ikerketa-zentroei helaraziko die, balizko aplikaziorako.






