Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Arabako Errioxako XVI. Enoturismo Foroan parte hartu du. Topaketa horretan sektoreko profesionalak biltzen dira, lurraldearentzat funtsezkoa den jarduera horren orainari eta etorkizunari buruz hausnartzeko, eta ideiak ekintza zehatz bihurtzeko premian jartzen du arreta, “Del dicho al hecho y cómo conseguir mejora el trecho” goiburuarekin.
Sailburuak adierazi duenez, “ardogileek, instituzioek eta entitateek elkarrekin egindako lanari esker, Arabako Errioxa erreferentziazko helmuga enoturistiko gisa finkatu da. Hazkunde hori Europako funtsetan egindako inbertsioek indartu dute. Funts horiek 80 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte Euskadiko turismo-jasangarritasuneko planetara, eta horietatik 5,5 milioi Arabako Errioxako proiektuetara bideratu dira, bertako udalerrietan inpaktua ekarrita”.
Sailburuak nabarmendu duenez, “enogastronomiak zeregin estrategikoa du garapen turistiko jasangarriaren motor gisa. Eredu horrek lagundu egiten du desestazionalizazioan, bisitariak hobeto banatzen eta beste helmuga batzuetatik bereizten, eta, gainera, kalitatezko esperientzia osagarria eskaintzen die aisiako zein negozioetako turistei”.
Ildo horretan, konpromisoa berretsi du “sektorea indartzen duten ekimenekin, besteak beste, Enoturismo Foroa berarekin, Arabako Errioxa WIP markarekin eta Orbea Gravel Rioja Alavesa bezalako ekitaldiekin. Guztiak kalitatean, jasangarritasunean eta ingurunearekiko errespetuan oinarritutako estrategiarekin lerrokatuta”.






