Euskadin gero eta jende gehiagok erabakitzen du idatziz jasota uztea egunen batean bere borondatea adierazi ezin badu nola jaso nahi duen arreta. Aurretiazko borondateak, aldez aurreko jarraibideak edo bizi-testamentua izenaz ezagutzen den agiri horrek hazkunde iraunkorra izaten jarraitzen du Euskadin: aurretiazko borondateen 14.851 agiri berri erregistratu ziren 2025ean, aurreko urtean baino % 26 gehiago. Inskripzio berriez gain, Euskadiko Aurretiazko Borondateen Erregistroak 819 ordezpen edo aldaketa ere tramitatu zituen.
2004an sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kudeatzen duen Aurretiazko Borondateen Erregistroak 76.683 inskripzio izan ditu guztira, eta horietatik 69.451 inskripzio gaur egun Euskal Osasun Zerbitzuaren erabiltzaile diren eta agiria indarrean duten pertsonei dagozkie. Zifra hori bikoiztu egin da hiru urte eskasean, eta 2025ean erregistratu da urteko zifrarik handiena. Euskadiko Aurretiazko Borondateen Erregistroan jasotako informazioaren arabera, 1.000 heldutik 37k, gutxi gorabehera, inskribatuta dituzte dagoeneko beren borondateak. Adin-tarteen arabera, nabarmentzekoa da Euskadin 75 urtetik gorako 9 pertsonatik 1ek (1.000 biztanleko 117) aurretiazko borondateak indarrean dituela ABEEn inskribatuta.
2025ean erregistratu ziren inskripzio berri guztietatik, lau pertsonatik hiruk 46 eta 75 urte bitartean zituzten, eta, geografia-esparrua kontuan hartuta, inskripzioen % 13 Araban egin ziren (1.889), % 55 Bizkaian (8.142) eta % 32 Gipuzkoan (4.797); horiei Euskaditik kanpoko beste 23 inskripzio gehitu behar zaizkie. 20.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Donostia / San Sebastián, Getxo eta Zarautz nabarmentzen dira, biztanle helduen aldean inskribatutako agiri-proportzio handiagoa dute-eta.
Euskadi inskripzio-tasarik handiena duen estatuko bigarren autonomia-erkidegoa da Espainiako Aurretiazko Jarraibideen Erregistro Nazionalaren (RNIP) datuen arabera. Nafarroa bakarrik du aurretik, eta estatuko batezbestekoaren oso gainetik dago (1.000 biztanleko 13,78).
Azpimarratzekoa da, halaber, agiria erregistratu zutenen % 86k ordezkaria aukeratu zutela; figura hori ez da nahitaezkoa, baina oso gomendagarria da. Norbaitek bere borondatea adierazi ezin duenean, ordezkaria arduratzen da agiria sinatu zuenaren borondatea behar bezala interpretatu eta beteko dela ziurtatzeaz.
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa 2004an sortu zen, eta bere helburua da agiri-emailearen zainketa eta tratamendu medikoei buruzko lehentasun pertsonalak, hark bere kabuz adierazi ezin dituenean, osasun-arloko profesionalek eskuragarri izango dituztela bermatzea. Hala, agiri-emaileek borondatez inskribatu ahal izango dute osasunaren esparruko aurretiazko borondateen agiri-ematea, haren aldaketa, ordezpena eta errebokatzea.
Horretarako gaikuntza duen medikuaren eta erizainaren, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunaren, hiru lekukoren edo notarioaren aurrean formaliza daiteke agiria. Azken kasu horretan, notariotza-kostuak ordaindu beharko dira. Gaur egun, euskal osasun-sistema publikoko medikuntzako eta erizaintzako 890 profesionalek jaso dute aurretiazko borondateen agiriak formalizatzeko gaikuntza. Soilik 2025ean 447 profesionalek eskuratu zuten gaikuntza hori.






