- Proiektuak funtsezko zerbitzutzat hartzen ditu merkataritza eta ostalaritza, eta Eusko Jaurlaritzaren 90.000 eurotik gorako ekarpena izan du LEADER laguntzen esparruan
- “Landa-garapena ez da azpiegitura handiekin bakarrik eraikitzen, hurbileko ekimen baliagarriak ere babestu behar dira», nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzak BurgeLUR inaugurazioan parte hartu du gaur Burgelun. Ekimenak hurbileko merkataritza eta ostalaritza uztartzen ditu udalerriarentzako funtsezko zerbitzu gisa, landa-eremuko jarduera ekonomikoa eta komunitate-bizitza indartzeko helburuarekin.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 92.478 euro eman dizkio proiektuari, LEADER programaren esparruan emandako laguntza baten bidez, landa-eremuetan ekonomia dibertsifikatzea, enplegua sortzea eta biztanleak finkatzea helburu duten proiektuak bultzatzeko.
Inbertsio hori Eusko Jaurlaritzak herrien sare sozial eta ekonomikoa indartzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea berdintasun-baldintzetan eta lurralde-kohesioaren alde egiten duten ereduak sustatuz.
BurgeLURek ikuspegi horri erantzuten dio, espazio berean merkataritza-, gizarte- eta komunitate-funtzioak osatzen baititu. Bere dimentsio ekonomikoaz haratago, bizilagunentzako topagune gisa jarduten du, hurbileko produktuetarako sarbidea errazten du eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana indartzen du. Proiektua bertako hainbat eragile inplikatu dituen eredu parte-hartzaile baten bidez garatu da, eta horrek denboran errotuta eta jasangarri izaten laguntzen du.
«Herrietan zerbitzuak bermatzea funtsezkoa da herritar guztiei aukera berdintasuna eskaintzeko, bizi diren tokian bizi direla, eta gure herri eta udalbatzek espazio biziak, jardueradunak eta etorkizunekoak izaten jarrai dezaten«, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak BurgeLUR bezalako ekimenak bultzatzea bere lehentasunen artean mantentzen du, garapen ekonomikoa, kohesio soziala eta jasangarritasuna uztartzen dituztenak, lurralde-eredu orekatuago eta erresilienteago bati lagunduz.
Horrela, BurgeLURen esperientzia LEADER laguntzen bidez finantzatutako beste jarduera batzuei gehitzen zaie, landa-eremua aukera-, berrikuntza- eta bizi-kalitaterako gune gisa indartzera bideratuak.






