- Proposamena gaur aurkeztu da, Lehendakaria buru izan duen jardunaldi batean, zeinetan politika eremuko esperientzia erreferenteen berri eman den
- Gizonduz, Berdintasunaren aldeko Gizonekin eta Maskulinitateekin Lan Egiteko Euskal Zerbitzuak kargu politikodun gizonekin lan egiten du 2017tik, haien sentsibilizazioa sustatzeko
Imanol Pradales Lehendakariak «Berdintasunaren aldeko gizon politikoak. Berdintasunaren aurkako inboluzioaren testuinguru globaleko esperientziak eta proposamenak» jardunaldia ireki du gur, Emakundek antolatutakoa, Gizonduz, gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko euskal zerbitzuaren esparruan. Topaketan Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Emakumeen Institutuko zuzendari Cristina Hernandezek ere parte hartu dute.
Jardunaldi honen helburu nagusia berdintasunaren aldeko gizon politikarien euskal sare bat sortzeko proposamena ezagutaraztea izan da. Ekimen horren helburua da Gizonduzen esparruan 2017tik berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa, prestakuntza eta ekintza sustatzeko ‘Gizon politikariak berdintasunaren alde’ proiektuarekin garatzen ari den lana bideratzea. Dagoeneko 500 gizon inguruk parte hartu dute horretarako berariaz diseinatutako jardueretan.
Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, «emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea guztion zeregina da. Gizabanakoena, gizarte-eragileena, erakundeena… Baina horretan gizonok erantzukizun berezia dugu, pribilegio batzuk ditugulako kolektibitate gisa». Hala, «erantzukizun handia dugu. Eta erantzukizun politikoak ditugun gizonok bereziki jabetu behar gara horretaz. Erabakitzeko guneetan eragiteko eta erreferente positiboak sortzeko gaitasuna dugulako. Lidergo berdinzale, partekatu eta justu baten erreferenteak» gaineratu du. Gainera, Pradalesek azpimarratu duenez, berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiteko, garrantzitsua da ordezkari politiko kontzientziatuak, prestatuak eta konprometituak izatea.
Miren Elgarrestak azpimarratu duenez, «funtsezkoa da gizonekin politikan lan egitea, erreferenteak direlako beren eremuetan eta erabakiak hartzeko guneetan parte hartzen dutelako, are gehiago, lidergo maskulino autokratikoak protagonista dituen erreakzio antifeminista eta antidemokratikoaren testuinguru global batean «.
Sare hori emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako elkartrukerako eta ekintzarako espazio diskretu eta seguru gisa planteatzen da, gizonek politikan dituzten beharretara egokituta eta haien aniztasuna kontuan hartuta. Gainera, Gizonduz 2030 Estrategian aurreikusitako ildoetako bat da, Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez. Halaber, ekimen horren ibilbidea aipatu du: «Gizonak berdintasunarekin lotutako ekintzetan inplikatzeko lan handia egin behar izan da», baina aurrerapen handiak lortu dira «eta gaur egun gizonen artean eskaera handiagoa dago, duela 19 urte baino, berdintasunari buruzko prestakuntza jasotzeko».
Sareari dagokionez, EAEko erakunde publiko batean kargu politiko bat duen edozein gizon atxiki ahal izango zaio, baldin eta berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako jarduerak bultzatzeko edo garatzeko konpromisoa hartzen badu. Urtean, gutxienez osoko bilkura bat egitea aurreikusten da, Emakundek koordinatuta. Horrez gain, sentsibilizazio-jarduerak, esperientzien trukea eta prestakuntza ere egingo dira.
Gaurko saioan, inaugurazio-hitzaldi bat eman du José Campi-Portaluppik, Equimundoko Komunikazio eta Dibulgazio zuzendariak – Maskulinitateen eta Justizia Sozialaren Zentroa –, eta Sarajevo Tresna, gizonezko politikariak politikan genero-berdintasuna lortzen inplikatzeko, bai eta esparru politikoan berdintasunaren aldeko lanean izandako hainbat esperientzia ere, gizarte zibileko erakundeen ekarpenez gain.
Berdintasunaren aurkako nazioarteko erreakzioari buruzko hausnarketa Eusko Legebiltzarrera eramango da bihar, «Erakunde demokratikoek berdintasunaren aurkako inboluzioaren testuinguru global batean duten zeregina» izenburuko eztabaida-mahai batekin. Bakartxo Tejeria presidenteak aurkeztuko du, eta Miren Elgarresta eta Cristina Hernández ere bertan izango dira. Jardunaldi horretan hainbat erakunde autonomiko eta nazioartekotako ordezkariek hartuko dute parte.






