Pérez Iglesias sailburuak irmo gaitzetsi du Mondragon Unibertsitatean gertatutako sexu-eraso saiakera eta biktimari bere babesa adierazi dio

0
  • «Sexu-indarkeriaren aurrean, ezinbestekoa da erantzun sendoa ematea», nabarmendu du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak.

  • Sailburuak Oñatiko Campuseko Enpresa Fakultatearen aurrean izan den elkarretaratzean hartu du parte.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, erabateko irmotasunez gaitzetsi du joan den ostiral arratsaldean Mondragon Unibertsitateko Oñatiko Campuseko aparkalekuan gertatutako sexu-eraso saiakera, eta, aldi berean, bere babes osoa adierazi die biktimari eta haren ingurukoei.

Pérez Iglesiasek gaur eguerdian Oñatiko Campuseko Enpresa Fakultatearen aurrean egindako elkarretaratzean parte hartu du, Unibertsitateak deitutakoan hain zuzen.

Sailburuak azpimarratu du mota honetako gertakariak oinarrizko  eskubideen urraketa onartezina direla, eta zuzenean erasotzen dietela horiek pairatzen dituzten pertsonen askatasunari, duintasunari eta osotasun fisikoari; halaber, bateraezinak direla erakunde akademikoek eta, oro har, gure gizarteak gidatu behar dituzten balioekin.

«Indarkeria mota ororen aurrean, eta bereziki sexu-indarkeriaren aurrean, ezinbestekoa da erantzun sendoa ematea», nabarmendu du Juan Ignacio Pérez sailburuak.

Era berean, adierazi du genero-indarkeria, bere adierazpen guztietan, desagerrarazi beharreko gaitz larria dela, eta horretarako bai erakundeek bai herritar guztiek konpromisoa hartu behar dutela. Ildo horretan, unibertsitateak erantzukizun berezia duela azpimarratu du: bere esparruan emakumeen eta gizonen arteko benetako eskubide-, aukera- eta aitortza-berdintasuna sustatzea.