- Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gida erraz bat argitaratu du euskadi.eus webgunean, euskaraz eta gaztelaniaz, eta dagoeneko lanean ari da formatu arinago batera egokitzeko eta ingelesera, frantsesera eta arabiera itzultzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez, herritarren eskura jarri du euskadi.eus webgunean administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritarren ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko oinarrizko gida argi eta erraz bat. Jarduketa hau apirilaren 14ko 316/2026 Errege Dekretua BOEn argitaratu zenetik 48 ordu baino lehenago egin da. Errege-dekretu honek azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretua aldatzen du, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duena.
Gida euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, eta informazio praktikoa ematen du honako hauei buruz: zer den ezohiko erregularizazioa, nork balia dezakeen prozedura hori, zer baldintza orokor bete behar dituzten interesdunek eta zer urrats egin behar dituzten izapideak hasteko. Helburua da informazio ulergarria, erabilgarria eta eskuragarria ematea Euskadin bizi diren migratzaileei eta haiei laguntzen dieten erakunde, elkarte eta profesionalei.
Gainera, Eusko Jaurlaritza eduki hori formatu arinago, bisualago eta eskuragarriago batera egokitu eta maketatu du, haren hedapena eta kontsulta zabaldu ahal izateko. Era berean, aurreikusita dago ingelesera, frantsesera eta arabierara itzultzea, prozeduraren onuradun izan daitezkeen ahalik eta pertsona gehienengana iristeko.
Jarduketa honekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du gizarte-, lege- eta giza garrantzi bereziko prozesu baten aurrean erantzun azkarra, erabilgarria eta koordinatua emateko konpromisoa. Jaurlaritzaren nahia da prozedura honi heldu diezaiokeen inor kanpoan ez geratzea, informazio faltagatik edo bere hizkuntzan uler daitezkeen baliabideak eskuratzeko zailtasunengatik.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak migratzaileei laguntzeko eta atzerritartasun-arloko arau-aldaketen aurrean tresna argiak eskaintzeko bultzatzen duen lan-ildoaren barruan kokatzen da gida honen argitalpena. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak lankidetzan jarraituko du gizarte-erakundeekin, administrazioekin eta zerbitzu espezializatuekin, prozesu osoan zehar informazioa ahalik eta gehien zabaltzen dela eta orientazio egokia ematen dela ziurtatzeko.
Informazio-saioak
Halaber, hitzaldien egutegi bat programatu da Euskadiko hiru hiriburuetan, eta saio espezifikoak egin dira administrazio publikoetako profesionalentzat, bereziki udalentzat, bai eta herritarrei oro har irekitako beste batzuk ere. Profesionalentzako saioak apirilaren 24an egingo dira Gasteizen, maiatzaren 6an Donostian eta maiatzaren 7an Bilbon; herritarrei zuzendutakoak, berriz, apirilaren 24an Gasteizen, apirilaren 28an Donostian eta apirilaren 30ean Bilbon.
Dibulgazio-lan horren barruan, datorren apirilaren 23an informazio-saio bat egingo da Lakuan, Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa osatzen duten pertsona guztientzat. Deialdi hori Eusko Jaurlaritzako sail guztiei ere eskainiko zaie.
EU: https://www.euskadi.eus/ezohiko-erregularizazioa-2026/web01-a2migra/eu/
ES: https://www.euskadi.eus/regularizacion-extraordinaria-2026_def/web01-a2migra/es/






