García Chuecak Topo berriari buruz: “Altza-Galtzaraborda tartea abuztua baino lehen jarriko dugu abian, eta Donostiako geltoki berriak udazkenaren amaieran martxan egongo dira”

0

 Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Legebiltzarrean nabarmendu du obrak “azken fasean” daudela

 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak ostiral honetan aipatu ditu bata bestearen atzetik bere saila prestatzen ari den datak Topo berria martxan jartzeko, Altza-Galtzarabordako eta Donostiako lurpeko saihesbideak martxan jarriz eta lau geltoki berriak irekiz. “Altza eta Galtzaraborda arteko tartea martxan jartzeko data aurreratu egin da, eta udako geldialdia baino lehen, abuztuan, jarriko da martxan, eta Donostiako hiru geltoki berriak udazkenaren amaieran jarriko dira zerbitzuan”, aurreratu du sailburuak, eta, adierazi duenez, “Topo berria abian jartzeko data inoiz baino gertuago dago eta donostiarrei eta gipuzkoarrei trenez gehiago eta hobeto mugitzeko aukera emango die”.

García Chuecak ziurtatu duenez, “Gipuzkoan aspalditik geunden 2026aren zain”.  “Funtsezko bi trenbide-azpiegitura dira, Eusko Jaurlaritzatik gauzatzen ari garenak Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek jauzi kualitatibo bat eman dezaten, eta azken fasean daude. Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko saihesbidea. Eta Donostiako lurpeko zatiak hiru geltoki berri izango ditu erdialdean, Amaran eta Benta Berrin”, adierazi du. Horrela, gogorarazi du Amarako eta Altzako zokoguneek – trenak errebotatzen diren eta trenez aldatzera behartzen duen puntuak– “jauzi kualitatiboa ematea eragozten zuten”, eta sare berri jarraituarekin ezabatu egingo dira. Horri esker, “aurten bertan” maiztasunak 7,5 minutura hobetu ahal izango dira Añorga eta Pasaia artean.

Azken fasean” dagoen obraren egoerari dagokionez, une honetan “erdialdeko geltokian pertsonak nasen artean banatzeko guneei azken ukituak ematen ari da”, adierazi du. “Aldi berean katenarian eta trenbidean, instalazioetan eta seinaleztapenean eta segurtasunean ere ari gara lanean. Hori guztia Euskotreneko trenak probak egitera sartu ahal izateko, gidari profesional berriak trazadura berrian prestatzeko eta zerbitzua martxan jartzeko”, erantsi du.

Bere saioa amaitzeko, García Chuecak eskerrak eman dizkie obraren eraginak jasan dituzten herritarrei, eta Euskal Trenbide Sareko lantaldeari eta harekin batera lanean ari diren enpresei “beren profesionaltasuna, adorea eta kaudimen teknikoa” eskertu dizkie, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak finantzatu duela “esku-hartze horren % 100, beste laguntzarik gabe”.