Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak apirilaren 16an jardunaldi zientifiko bat antolatu du Euskadin egin zen lehen gibeleko transplantearen 30. urteurrenaren harira. Zentro honetan egin zen ebakuntza, 1996an, eta horren bidez programa bat hasi zen, zeinari esker gaur egun Osakidetza Estatu nahiz nazioarteko erreferenteen artean baitago esparru horretan.
Gibeleko transplantean inplikatuta dauden askotariko profiletako profesionalak bildu dira ospitaleko ekitaldi-aretoan egin den saioan; hala, hiru hamarkada horietan egindako ibilbidea, programaren oraina eta etorkizuneko erronka nagusiak aztertu dira ekitaldian, eta Osakidetzaren sare-lana eta diziplina anitzeko izaera nabarmendu dira.
Hauexek izan dira jardunaldiaren inaugurazioan: Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Alberto Martínez Ruiz; Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentea, María Luz Marqués; Kirurgia Hepatobiliar eta Transplante Hepatikoko Unitateko buru klinikoa, Mikel Gastaca; eta Hepatologia Unitateko Javier Bustamante doktorea. Hitzaldietan azpimarratu dute Euskadin gibeleko transplanteak egiteko erreferentziazko zentro gisa ospitaleak duen eginkizuna; halaber, nabarmendu dute zein garrantzitsua den euskal osasun-sistema publiko osoa antolatu eta koordinatzea, ezinbestekoa baita asistentziaren ekitatea eta bikaintasuna bermatzeko.
Hiru hamarkadako bilakaera eta ia 2.000 transplante
Programaren ibilbide historikoa jorratu den blokean, 1996tik lortu diren mugarri nagusiak berrikusi dira, urte horretan egin baitzen Euskadin lehen gibeleko transplantea. Ordutik ia 2.000 gibeleko transplante egin dira Osakidetzaren programan, eta gaur egungo jarduerak barne hartzen du urtean 70 ebakuntza baino gehiago egitea; halaber, biziraupen-emaitzak Estatuko onenen artean daude.
Saioan argi adierazi da hiru hamarkada horietan gibeleko transplanteak izandako bilakaera; izan ere, lehen oso paziente gutxiri agintzen zieten teknika konplexua zen, eta gaur egun ohiko tratamendua da, arrakasta-tasa altuak dituena. Aurrerapen kirurgikoei, anestesikoei, famakologikoei eta ebakuntza osteko zainketei esker lortu da hori, baita prozedura agintzeko irizpideak aldatu izanari esker.
Pazientearen eginkizuna eta egoera kliniko berriak
Jardunaldiko unerik nabarmenetako batean, transplantea izan duten pertsonen esperientzia azaldu da; hala, erdigunean jarri da gibeleko transplanteak pazienteen eta beren familien bizitzan duen eragina.
Orainaldia jorratu den tartean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta erreferentziazko beste zentro batzuetako espezialistek gai hauek aztertu dituzte: donazio eta transplanteen egoera berriak, transplante onkologikoa, organoak zaintzeko perfusio-makinen erabilera, eta geroz eta zehatzagoak diren irizpideekin prozedura gehiagotan agintzeko joera.
Etorkizunari begira: berrikuntza eta belaunaldiarteko erreleboa
Jardunaldia amaitzeko, gibeleko transplantearen etorkizunari buruz hausnartu da eta, besteak beste, hizpide izan dituzte adimen artifizialaren erabilera, gibeleko transplante robotikoaren garapena, xenotransplantearen ikerketa-lerroak, eta etengabeko dedikazioa behar duten espezializazio handiko taldeetan belaunaldiarteko erreleboak ezartzen duen erronka.
Hizlariak bat etorri dira adieraztean jarraitu behar dela talentu gaztea erakarri eta atxikitzea ahalbidetuko duten baldintzak bermatzen, prestakuntza sendotzen eta berrikuntza txertatzen; hori guztia, elkarlaneko ereduari eutsiz, horixe baita Osakidetzako gibeleko transplanteen programaren ezaugarri nagusia.
Elkartasunean oinarritutako talde-lana
Jardunaldian adierazi da ere gibeleko transplante guztiak gauzatzeko ezinbestekoa dela askotariko zerbitzutako ehunka profesionalen koordinazioa, bai eta osasun-sistema osoaren inplikazioa ere. Emaileen eta beren familien eskuzabaltasuna ere aitortu dute, elkartasun hori barik ezinezkoa izango bailitzateke horrelako programa bati eustea.
Jardunaldiaren bitartez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Osakidetzak ospatu nahi izan dute Euskadin hiru hamarkada betetzea gibeleko transplanteak egiten; ildo beretik, berretsi dute konprometituta daudela etengabeko hobekuntzarekin, ikerketarekin eta gibeleko gaixotasun aurreratua duten pazienteei kalitatezko arreta ematearekin.






