Turismo Zuzendaritza Nagusiak Turismoaren 2026-2027 Ikuskapen Plana onartu du, eta horren ildo estrategikoen artean honako helburu hauek biltzen dira: Nafarroako eskaintza turistikoaren kalitate-estandarrak mantentzea ziurtatzea, kontrolatu gabeko turismo-zerbitzuak detektatzea eta jazartzea, turismo-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak bermatzea, turismo-arloan emandako diru-laguntzak iruzurrez erabiltzea saihestea, indarrean den araudia betetzeko aholkuak ematea eta enpresa-jardueraren gorabehera homogeneoen aurrean irizpideak bateratzea.
Araututako eta kalitatezko sektore turistikoarekin duen konpromisoaren barruan, Turismo Zuzendaritza Nagusiak Ikuskapen Plan berriaren lehentasun moduan ezarri du beste behin eskaintza klandestinoaren aurka borrokatzea, bereziki jarduera kontrolatu gabe gauzatzen duten apartamentu eta etxebizitza turistikoei erreparatuta. Kontrol hori eraginkorragoa izan dadin, herritarrentzat salaketa anonimoak egiteko postontzi bat prestatu da, ezkutuko eskaintzak detektatzen lagundu ahal izan dezaten. Izan ere, eskaintza horiek lehia desleiala izateaz gain, bizilagunen bizikidetzan eta eredu turistiko iraunkorra eta kalitatezko bat izatean eragina izan dezakete.
Ildo estrategikoetako bakoitza zenbait programatan banatzen da; esate baterako, jarduera abian jarri duten edo aldaketak egin dituzten turismo-ostatuen turismo-araudia betetzen dela kontrolatzeko eta egiaztatzeko programa, bereziki establezimendua birsailkatzea eragin dutenena.
Kontrola egiteko, batez ere Internet bidez edo beste edozein hedabideren bidez edo herritarrek esku hartzeko postontzi berriaren bidez lortutako informazioa erabiliko da.
Ikuskapenen 2025eko balantzea
Turismoaren 2025eko Ikuskapen Planaren esparruan, Turismo Zuzendaritza Nagusiak 600 jarduera baino gehiago egin zituen. Ikuskapenak honela banakatu ziren: 299 ikuskapen, jarduera hasi zela egiaztatzeko; 144, jardueraren aldaketa egiaztatzeko; 69, jarduera uzteagatik; eta 116, araudi turistikoa betetzea egiaztatzeagatik. Halaber, 71 egiaztapen egin ziren, kontrolatu gabeko jarduerak eta zerbitzu turistikoak ezabatzeko. Azkenik, turismo-araudira egokitzeko 73 txosten egin ziren, sustatzaileek, toki-erakundeek, Exekutiboaren beste departamentu batzuek edo toki ekintzako taldeek eskatuta. Gainera, turismo-araudiari buruzko 172 kontsulta artatu ziren.
Jarduera klandestinoa ezabatzera bideratutako 71 jardueratatik 37 (%52) herritarrek eskatuta hasi ziren eta 34 (%48) Turismo Zuzendaritzaren Antolamendu, Kalitate eta Azpiegitura Atalaren ikuskaritza-jardueraren ondorioz. Jarduera horiek direla-eta, 41 zehazpen-espediente ireki dira, 40 ostatu klandestinoenak eta 1 bidaia-agentzien bermeak ez betetzeari buruzkoa. Horietatik 32 dagoeneko amaitu dira zehapen ekonomiko eta guzti (zehapen bakoitzeko 5.000 €, batez beste). Gainerako espedienteak izapidetzen ari dira.
Ostatu irregularren zati handiena Iruñean (24) eta Iruñerrian (10) aurkitzen da.
Ikuskapen Planaren helburua ez da bakarrik zehapena ezartzea, baizik eta eredu turistiko orekatu bat babestea ere bai. Legez kanpoko eskaintza kentzean, bisitariek zerbitzu seguruak eta profesionalak jasotzea ziurtatzen du Administrazioak, kontrolik gabeko turismoak etxebizitzaren prezioan eta egoiliarren atsedenean dituen ondorio negatiboak arintzearekin batera.
Salaketa-postontzira dagoeneko sar zaitezke Turismo Zuzendaritza Nagusiaren egoitza elektronikoaren bidez.






