Torres lehendakariordeak nabarmendu du I+Med erreferentea dela ezagutza industria biomedikora transferitzen

0
  • Arabako kooperatibak Euskadik bultzatzen duen berrikuntza aplikatuko eredua erakusten du, enplegu kualifikatua sortuz eta nanomedikuntza bezalako sektore estrategikoetan kokatuz

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordeak Arabako Parke Teknologikoko I+Med instalazioak bisitatu ditu astearte honetan, eta bertatik bertara ezagutu du nanomedikuntzan espezializatutako kooperatiba honen jarduera.

Bisitan zehar, lehendakariordeak Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordea, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea izan ditu lagun, baita Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusia ere.

Ordezkaritza instituzionala zuzendaritza-taldearekin bildu da, eta hidrogel adimendunen garapenean eta haiek biologian eta farmakologian dituzten aplikazioetan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu, bai eta berrikuntza-prozesuen ibilbide osoa ere, hasierako ikerketatik baliozkotze klinikoraino eta merkaturatzeraino.

I+Med ezagutza merkatura transferitzeko kasu finkatu bat da, eta agerian uzten du euskal ekosistemak gaitasuna duela ikerketa zientifikoa aplikazio errealeko produktu bihurtzeko. Berrikuntza aplikatuko eredu horrek balio erantsi handiko industria garatzen laguntzen du, Euskadiko helburu estrategikoekin bat datorrena.

Era berean, bisitaldiari esker, balioa eman zaio enpresen, sistema zientifiko-teknologikoaren eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ereduari, proiektu berritzaileak bultzatzeko eta merkatuan sendotzeko funtsezkoa dena.

Testuinguru horretan, Zientziaren Basoa hub-aren zeregina ere nabarmendu da, Euskadiren gaitasun zientifikoa eta berritzailea indartzera bideratutako herri-ekimen estrategiko gisa, epe luzerako ikuspegiarekin eta biomedikuntzaren arloan nazioartean posizionatzeko bokazioarekin.