-
Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak sustatutako Aztertu programak “Emanaldi-Aztertu Sariak” ekitaldia egin du gaur
-
Ekitaldia baliagarria izan da herritarrei, ikastetxeei eta udalerriei jasangarritasunaren aldeko jarduera eta konpromisoa aitortzeko. Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak banatu ditu sariak
Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak bultzatutako Aztertu programak “Emanaldia-Aztertu Sariak” ekitaldia egin du gaur, hau da, herritarrak, ikastetxeak eta udalerriak beren jardueragatik eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoagatik aitortzeko ekitaldia. Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak banatu ditu sariak Ekoetxea Meatzaldean, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Ekoetxea sareko ingurumen zentroetako batean, eta gogorarazi du Euskadik dagoeneko 30 urte daramatzala ingurumen hezkuntzan lanean.
Iaz, 33.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Aztertu ekimeneko jardueraren batean, eta kopuru horri esker, Euskadiko ingurumen hezkuntzaren eremuko erreferentzietako bat da programa.
Horren harira, Josu Bilbaok sari banaketa baliatu du Aztertu Euskadiko erronka klimatikoei aurre egiteko “funtsezko tresna” dela azpimarratzeko. “Programa hau ideia argi batekin sortu zen: zientzia herritarrei hurbiltzea, eta gure ingurunearen zaintzaren protagonista bihurtzea. Eta espiritu horrek inoiz baino biziago jarraitzen du”, nabarmendu du sailburuordeak.
Ingurumen sailburuordearekin batera, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ere parte hartu du sari banaketan.
Aztertu Sariak
Gaur egin den ekitaldian, Aztertuk urteko sariak banatu dizkie programaren esparruan egindako lehiaketetako irabazleei: marrazketa, argazkia, Aztertu Etxean, Ekinaren Aztean eta Naturzaleak.
Ekimen horiei esker, haurrek, gazteek eta helduek ingurune naturalarekiko sentiberatasuna, eta, artearen eta ekintzaren bidez planeta zaintzearen garrantzia transmititzeko gaitasuna erakutsi dute.
Gainera, Aztertu Sariek lan kolektiboaren garrantzia ere aitortu dute, eta Aldamiz– APNABIk egindako lana nabarmendu dute, programako jardueretan parte hartze aktiboa eta jarraitua izateagatik. Era berean, Surfrider España elkartearen inplikazioaren balioa ere azpimarratu dute. Horixe da 2026ko Ingurumen Hezkuntzaren Eguneko erronka irabazi duen erakundea, eta gizarte eta ingurumen eraldaketan eragile aktibo gisa duen konpromisoa eta adibidea nabarmendu dute.
Horiekin batera, Euskadin Ingurumen Hezkuntza bultzatzeko B center plataformaren garapenean talde eragileko kide izan diren 20 erakundeek egindako lana ere goraipatu dute ekitaldian. Plataforma hori Euskadin Ingurumen Hezkuntza sustatzeko martxan dagoen Boost proiektuaren barnean kokatzen da.
Aztertu, hazten ari den ekimena
Aztertu programa bere zifrak sendotuz doa urtez urte, eta, 2025eko datuen artean, nabarmentzekoa da laginketa eta ingurumen azterketako jardueretan familien parte hartzeak izandako igoera. Zehazki, %50 hazi zen. Lanbide Heziketako zentroen, unibertsitateen eta goi mailako ikasketen inplikazioak ere igoera nabarmena izan zuen iaz.
Hala, honako hauek parte hartu zuten: Deustuko Unibertsitatea, EHU (hiru lurraldeetako campusetan), Mondragon Unibertsitatea, Egibide, Tartanga LHII, Politeknika Txorierri, Derioko Nekazaritza Eskola LHII eta Santurtziko LHII. Horrek agerian uzten du hezkuntza esparruak ingurumen kultura partekatu baten eraikuntzan duen inplikazioa.
Era berean, programak tokiko presentzia ere indartu du Herriz herri ekimenaren bidez, eta ingurumen hezkuntza herri, auzo eta hirietara hurbildu du. Testuinguru horretan, 1.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute zuzenean udalerrietan antolatutako jardueretan, eta ingurune hurbilenaren ezagutzan eta zaintzan jarri dute fokua: ibaiak, hondartzak, hiri parkeak eta berdeguneak.






