- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluko bileran parte hartu du gaur
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Espainiako gerra zibilaren eta diktaduraren biktimen Estatu osoarekin partekatutako errolda batean aktiboki laguntzeko borondatea adierazi du. Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluko bileran, Maria Jesús San José sailburuak adierazi du berak zuzentzen duen sailak errolda horretan parte hartzeko asmoa duela, Euskaditik kanpoko hobietan egon daitezkeen desagertutako euskal herritarrak aurkitzen saiatzeko.
Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluak osoko bilkura egin du, gaur, La Palma uhartean, Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa presidente zela, eta autonomia-erkidegoen parte-hartzearekin. Euskadiren ordezkaria Justizia eta Giza Eskubideen sailburua izan da.
Eguneko gai-zerrendan ezarritako gai garrantzitsuenetariko bat gerrako eta diktadurako biktimen erregistro eta erroldari buruzkoa izan da. Zentzu horretan, San José sailburuak osoko bilkuran adierazi du Estatu osorako partekatutako errolda horretan aktiboki laguntzeko borondate duela. Ekimen horren bidez, Gogora –Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bere datuak partekatu ahalko ditu, gerra zibilean eta frankismoaren ondorengo errepresioan desagertutako eta Euskaditik kanpoko hobietan egon daitezkeen euskal herritarrak aurkitu ahal izateko.
Era berean, Kontseiluak autonomia-erkidegoek arlo horretan gauzatzen ari dituzten proiektuen berri eman du, bai eta 2026an memoria demokratikoko jardueretara zuzenduko diren dirulaguntzen banaketa ere.






