- Interesdunek datorren maiatzaren 21era arte aurkeztu ahal izango dute hautagaitza
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzak eta UN Etxeak – UNESCO sustatzeko Euskal Herriko elkarteak “Human Rights Training Programme 2026” programaren deialdia ireki dute, gaur, apirilak 17, astelehena. Urtero, zortzi gazteri Genevan (Suitzan) giza eskubideen nazioarteko esparruan trebatzeko aukera ematen dien ekimena da.
Hautagaiak aurkezteko epea irekita egongo da maiatzaren 21era arte, eta eskabideak gizaeskubideak@unetxea.org helbide elektronikora bidali beharko dira “Geneva beka” erreferentziarekin. Informazio gehiago honako esteka honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/human-rights-training-programme-beka/
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josék, programa hau apustu “estrategikotzat” jo du, belaunaldi gazteenen prestakuntza sustatzen duelako, “ funtsezkoak baitira gure demokrazia indartzeko eta giza eskubideen defentsa bermatzeko”. Haren ustez, “polarizazioak, eskubideen urraketak, desparekotasunen gorakadak eta balio demokratikoen higadurak markatutako testuinguru batean, ezinbestekoa da gazte prestatuak, kritikoak eta konprometituak izatea, eta, horregatik, hain zuzen, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da giza eskubideen arloko formazioa sustatzea, gizarte bidezkoagoa, balioak dituena eta inklusiboa lortzeko”.
Programak teoria eta praktika uztartzen dituen prestakuntza eskaintzen du, eta helburua da parte-hartzaileek Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren funtzionamendua ezagutu dezaten. Hautatutako pertsonak Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak, Genevan (Suitzan), egingo duen 61. bilkura-aldira joan ahalko dira, 2026ko iraila eta urria bitartean egingo direnak. Bidaiaren data zehatzak abuztua baino lehen zehaztuko dira.
112 parte-hartzaile 2011tik
Deialdia zuzenduta dago Euskadin erroldatuta dauden 18 eta 30 urte bitarteko gazteei, aldez aurretik giza eskubideei buruzko prestakuntza dutenei eta nazioarteko babes-mekanismoetan eta arlo horretako hezkuntzan sakontzeko interesa dutenei.
2011tik abian jarri zenetik , 112 gaztek parte hartu dute programan, horietako 24k Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren laguntza izan dute 2023tik. UN Etxea erakundera zuzendutako urteko dirulaguntza 80.000 eurokoa da, eta, horietatik, 20.000 euro inguru beka horietarako erabiltzen dira. Laguntzak Genevako (Suitzako) egonaldiko prestakuntza, material, joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuak ordaintzen ditu.






