- Tren-anezka horrek C4 linearekin konexioa izango du Arangurenen. Horrela, lanegunetan noranzko bakoitzeko bost tren gehitu ahal izango dira eta asteburuetan eta jaiegunetan noranzko bakoitzeko bat. Aldiriko tarifak izango ditu
- Zerbitzu berriarekin, udalerriek astean 101 tren-zirkulazio izango dituzte guztira
Maiatzaren 6an jarriko da abian Enkarterrin (Bizkaia), Karrantza eta Aranguren geltokien arteko aldirietako C5 tren-linea berria. Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta José Antonio Santano Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkariak astelehen honetan azaldu dute linea berria. Linea hori Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen eta Renfek Bizkaian bideratzen duen aldirietako guneko lineei gehituko zaie: C1 linea (Bilbo-Santurtzi), C2 linea (Bilbo-Muskiz), C3 linea (Bilbo-Urduña) eta C4 linea (Bilbo-Balmaseda/La Calzada).
Zerbitzu berriak geltoki hauek izango ditu: Karrantza, Villaverde Turtzioz, Artzentales, Traslaviña, Mimetiz (Zalla) eta Aranguren (Zalla). Geltoki horiek 12.000 biztanletik gorako udalerrietan kokatzen dira. Arangurengo geltokian bidaiariek Balmaseda eta Bilbo (La Concordia) lotzen dituen C4 lineako trenekin egin ahal izango dute aldaketa —C4 lineak hilean batez beste 94.000 bidaiari ditu—.C5 tren-anezka berriarekin, lanegunetan bost tren arituko dira noranzko bakoitzean, eta asteburuetan eta jaiegunetan noranzko bakoitzeko bat. Zerbitzu horrek aldiriko tarifak izango ditu, distantzia ertainekoak baino merkeagoak, eta bat egingo du gaur egun inguru horretan dauden tren-konexioekin: Bilbo eta Santander arteko distantzia ertaineko hiru trenekin, eta Carranzano deituriko trenarekin, goizeko lehen orduan Karrantzatik Bilbora doan eta C5 lineako geltoki guztietan gelditzen den zerbitzua.
Eusko Jaurlaritzak urteko 900.000 eurorainoko inbertsioa egingo du zerbitzu berrietan, eta, hala, inguruko biztanleek 101 tren-zirkulazio izango dituzte aldirikoen eta distantzia ertainekoen artean, gaur egun baino % 85 gehiago.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak linea berriaren balioa nabarmendu du: “Karrantzako pertsonen aldarrikapena izan da, Bizkaiko hiriburuarekin eta Enkarterriko beste toki batzuekin trenbide-garraio publiko bidezko lotura hobea eskatzen baitzuten. Eusko Jaurlaritzak, aldiriko tren-zerbitzuen kudeaketaren eskumena bere gain hartu duenetik, finkatu duen lehentasunetako bat izan da Euskadiko puntu horrek mugikortasun jasangarriko zerbitzu hobea izatea”.
ADIFek linearen elektrifikazioa amaitu ondoren posible izan da Karrantza eta Aranguren arteko tren-anezkaren aktibazioa; izatez, ADIF, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren mendeko enpresa publikoa, da zerbitzu berriaren eta Euskadiko aldiriko zerbitzu guztien sarearen jabea. Hortaz, azpiegituren kudeatzaileak egindako lanak amaitu ondoren, Bilbo eta Karrantza arteko ibilbide osoa trakzio elektrikodun trenetan egin ahal izango da (Renferen 436. seriea), hau da, gaur egun parkea osatzen duten eta C4an zerbitzua egiten duten tren berdinetan —C4 da Bilboko La Concordia geltokitik Balmaseda/La Calzadara doazen trenak lotzen dituen Zabalera Metrikoko aldiriko zerbitzua—.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkariak nabarmendu du Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harreman ona eta lankidetza estua, helburu partekatuak lortzeko, hala nola Aldirikoen eskualdaketa adostea. José Antonio Santanok mugarri hori transferentzia positiboaren adibidetzat jo du, Aldiriko zerbitzuaren erabiltzaileen egunerokoan hobekuntzak ekartzen baititu. Era berean, gogorarazi du Aranguren-Karrantza tartearen elektrifikazioa Aldirikoen eskualdaketari lotutako konpromisoen parte zela, guztira 600 milioi eurotik gorako inbertsio-plan baten barruan, zeinean ADIFek parte hartzen duen.
Barik txartela erabiltzeaz eta aldirietako tarifez baliatzeaz gain, erabiltzaileek aldiriko ibilbideekin lotzen diren garraio-tituluak ere erabili ahal izango dituzte C5 linean, baita maiz bidaiatzen direnentzako egungo bonuak, 2026 amaierara arte indarrean daudenak ere. Linea abian jartzen den egunetik, bidaiari guztiek denbora errealean jaso ahal izango dute linearen egunerokotasunari buruzko informazio eguneratua, Bizkaiko aldirietako gunerako prestatutako WhatsApp kanalaren bidez.
Zerbitzu berriaren ordutegiak PDF formatuan daude eskuragarri. Datozen egunetan aldaketa txikiak izan ditzakete; beraz, gomendatzen da ordutegiak Renfe.com webgunean kontsultatzea.






