Imanol Pradales Lehendakariak Ardatz Atlantikoko Merkataritza Ganberen VI. Foroaren amaiera-ekitaldian parte hartu du. Bertan, gobernuen, erakundeen eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetzan oinarritutako politika erabilgarri eta eraikitzaile baten garrantzia azpimarratu du.
Hitzaldian Lehendakariak nabarmendu duenez, «lurralde eta kolore politiko desberdinetako gobernuak batzen gaituena bereizten gaituenaren gainetik jartzen ari gara, ordezkatzen ditugun herritarren mesedetan». Ildo horretan, berretsi du Ardatz Atlantikoaren interesen defentsa helburu komuna dela, guztiak interpelatzen dituena, «ez bakarrik erakundeak, baita enpresak, elkarteak eta eragileak ere».
Proiektu enblematikoak dituen ibilbide-orri bat bultzatu dela gogorarazi du Pradalesek Ardatz Atlantikoko Batzordearen presidentetzatik, hala nola Korridore Atlantikoa, itsas korridore berde berriak, hidrogenoaren aldeko apustua eta Industria Garbiaren Harana garatzea.
Era berean, Makroeskualde Atlantiko berrirako horizontea prestatuko dela iragarri du, eta adierazi du Euskadik presidentetzan hartu berri duen Euroeskualdeak etapa berri horretako «benetako proba-banku handi» bihurtzeko lan egingo duela.
Lehendakariaren hitzetan, «lobbie egiten jarraituko dugu, Europako bosgarren Makroeskualdea izateko, beharrezkoa baita eskala, eraginkortasuna eta eragiteko gaitasuna irabazteko, gure lehiakortasuna indartzeko eta gure ongizatearen oinarriak finkatzeko».
Amaitzeko, Lehendakariak azpimarratu du sektore estrategikoetan gaitasun zehatzak gehitzen jarraitu behar dela, energia berriztagarrietan, fabrikazio aurreratuan, osasunean edo ekonomia urdinean, alegia.






