Apirilaren 29tik maiatzaren 2ra izango da Cristina Enea parkean
Lehen aldiz, Donostian ospatuko da Zuhaitzak Igotzeko Espainiako Txapelketaren XXII. edizioa, apirilaren 29tik maiatzaren 2ra, Cristina Enea parkean, hiriko berdegune enblematikoenetako batean. Lau egunez, ingurune historiko hori, balio botaniko handikoa, hitzorduaren epizentro bihurtuko da. Bertan, kirola, natura, dibulgazioa eta familia-aisia uztartuko dira, eta horrek hiriko zuhaitz-ondarearen eta haren kontserbazioaren balioa azpimarratuko ditu.
Arbolazaintzako Espainiako Elkarteak (Asociación Española de Arboricultura – AEA) antolatuta, txapelketan herrialdeko espezialistarik onenetako batzuk bilduko dira, eta proba hauetan parte hartuko dute, besteak beste: zuhaitz-igotze azkarra, erreskatea, zuhaitz-igotzea edo maisu-proba, oso zorrotza azken hori. Finala maiatzaren 2an izango da. Egun horretan, sari-banaketa eta ekitaldiaren amaiera ere egingo dira.
Iñigo García Ingurumeneko zinegotziak azpimarratu duenez, «txapelketa hau lehen aldiz Donostian egitea aukera ezin hobea da Donostia arbolazaintzaren mapan kokatzeko eta hiriko zuhaitzen zaintza eta kudeaketa iraunkorrarekin dugun konpromisoa indartzeko».
Lehiaketaz gain, herritarrentzako proposamen ireki bat ere egiten da programan. Apirilaren 29an eta 30ean prestakuntza-jarduerak egingo dira: Arbolazaintza Topaketak egingo dira Aieteko Jauregian, eta sektoreko profesionalek parte hartzeko tailerrak egingo dira, honako alderdi hauek ardatz hartuta: ergonomia zuhaitz-igotzean, kargen erabilera edo segurtasun-prozedurak altuerako lanetan.
Garcíaren hitzetan, “ekitaldi hau ez da kirol-lehiaketa bat soilik, baizik eta ingurumen-sentsibilizaziorako eta hezkuntzarako tresna bat ere bai, herritarrei profesionalen lana eta zuhaitzek hiriko bizi-kalitatean duten garrantzia hurbiletik ezagutzeko aukera emateko”.
Maiatzaren 1ean eta 2an, Cristina Enea parkean Materialen eta Makineriaren Azoka ere egingo da. Bertan, sektoreko azken berrikuntzak aurkeztuko dira, eta ohiko Zuhaitz Festa ere egingo da. Ekimen hori, helduei eta haurrei zuzenduta dago, eta bertan jolaserako eta zuhaitz-kontzientziaziorako jarduerak eskainiko dira:
• inguruko egiturak biltzen dituen mantal erraldoi bat sortzea;
• zur-oholak ezagutzeko erakusketa eta jokoa;
• tope rope Climbing;
• parkeko oihanpea;
• slak line;
• dosel bertikala.
«Hitzordu hori irekia, herritarrek parte hartzekoa eta adin guztietarakoa izatea nahi dugu, familiek, profesionalek eta oro har jakin-mina duten pertsonek zuhaitzei buruz ikasi eta horiez gozatzeko aukera izan dezaten», adierazi du zinegotziak.






