- Lau kide izango ditu, eta segurtasuna, trafikoaren kudeaketa eta herriko elkarbizitza hobetzen lagunduko dute
Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Usansoloko (Bizkaia) Udaltzaingoa sortzeko, Udalak egindako eskaeraren ondorioz eta Segurtasun Sailak egindako aldeko txosten teknikoak aztertu ondoren.
Usansolok 2029an 5.000 biztanletik gora izango dituela aurreikusten du (2024an 4.575), eta Eusko Jaurlaritzaren baimena eskatu du bere udaltzaingoa sortzeko beharrezko baldintza gisa, horrelako ezaugarriak dituzten udalerriei buruz Legean ezarritakoari jarraituz.
Ekimenak erantzuten dio segurtasunaren eta elkarbizitzaren arloan hautemandako hainbat arazori aurre egiteko udalerriari baliabide propioak emateko beharrari. Horien artean nabarmentzen dira, neurri batean, Usansoloko Unibertsitate Ospitalearen jardueraren eta metroko obren ondorioz sortu diren aparkaleku-arazoak eta trafikoa areagotu izana, bai eta udal-ordenantzak betetzen direla bermatzeko, lizentziapeko jarduerak kontrolatzeko edo ikuskizunak ikuskatzeko eta etxebizitzekin lotutako egiaztapen- eta ziurtapen-jarduerak egiteko baliabiderik ez izatea.
Udaltzaingorik ez zegoenez, orain arte Ertzaintzak hartu ditu bere gain udalerriko zaintza- eta arreta-funtzioak, eta guztira 2.767 gorabehera artatu zituen 2025ean, herritarrek, SOS Deiak 112 zerbitzuak eta udalak eskatuta.
Kidego berria, hasiera batean, lau kidek osatuko dute (agente lehen batek eta oinarrizko eskalako hiru agentek), Udalak aurkeztutako ezarpen-programaren arabera.
Onartutako baimenak ez du eragin ekonomiko zuzenik izango Eusko Jaurlaritzarentzat, eta udalerriko segurtasuna, trafikoaren kudeaketa eta herritarren bizikidetza hobetzen lagunduko du, Usansoloko behar espezifikoei erantzuteko gaitasuna indartuz.






