Bermatu egiten da Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdearen eraldaketa 244 milioi euro baino gehiago mobilizatu dituen bere Plan Estrategikoaren erdian

0
  • Enpleguan, ekonomian, gizarte-kohesioan eta herri-berroneratzean bost urtez eman diren aurrerapenen eskutik, eskualdearen garapenarekiko konpromisoa berretsi dute erakundeek.

2026ko apirila. Ezkerraldea-Meatzaldeak aurrerapauso irmoz egiten du aurrera bere eraldaketa-prozesuan. 2021–2030 Eskualdeko Plan Estrategikoaren bitarteko balantzeak berresten du eskualdea planaren erdira iritsi dela, eta emaitza irmoak erdietsi dituela: 244 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira, eta % 115eko gauzatze-maila lortu da. Izan ere, datu horiek administrazio publikoek lurraldearen etorkizunarekiko duten konpromisoaren adierazgarri dira.

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta eskualdeko hamar udalerrietako ordezkariek balantze hori partekatu dute Planaren Talde Sustatzailearen esparruan; bertan, Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdean «plangintzatik benetako eraldaketara igaro dela» azpimarratu dute, martxan dauden proiektuek ekonomian eta herritarren bizitzan eragina jada sortzen ari direlarik.

Erakundeek eskualdearekiko duten konpromisotik sortutako estrategia

Jatorriz, Eskualdeko Plan Estrategikoa erronka historikoei (hala nola langabezia, hiri-berroneratzea edo lurzoru industrialaren gabezia) aurre egiteko erantzun instituzionala izan zen.

2021ean abian jarri zenetik, Planari esker, erakundeek batera dihardute estrategia partekatu baten inguruan, eta lankidetza-eredu bat finkatu egin

dute. Gaur egun, eredu hori funtsezkoa da eskala handiko proiektuak sustatzeko eta lurraldea epe luzera begira eraldatzeko.

Eskualdearen egungo egoera aldatzen ari diren proiektuak

Eraldaketaren eragile diharduten sei proiektu sustatzaileri esker egiten du aurrera Planak:

  • Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoa garatzea eta Energy Intelligence Center (EIC) delakoa gauzatzea; hala, enpresak, enplegua eta hidrogenoari eta trantsizio energetikoari lotutako berrikuntza-ekosistema bat txertatuko dira bertan, eskualdea etorkizuneko sektore estrategikoetan kokatuz.
  • Osasun Poloak eskualdeko ekonomia- eta enpresa-dibertsifikazioari mesede egingo dioten goi-mailako enpresa teknologikoak, sanitarioak, soziosanitarioak edo antzekoak erakartzeko eragile gisa jardungo du.
  • Kutsatutako lurzoruak berreskuratzeko jardunari esker, industria-eremu zaharrek garapenerako aukerak eskaintzen dituzte, eta enpresak ezartzeko funtsezko lurzorua askatzen ari da.
  • Auzo kalteberetan egindako esku-hartzeak ehunka familiaren bizi-baldintzak hobetu ditu dagoeneko, eta herri-birgaikuntza, laguntza soziala eta hurbileko politikak uztartzen ditu.
  • Bestalde, garraio jasangarriaren eredua sustatzeak mugikortasuna, segurtasuna eta udalerrien arteko lotura hobetzen ditu; eta industria-ondareari eta itsasadarrari balioa emateko jardunak, aldi berean, indartu egiten ditu eskualdearen nortasuna eta kultura- eta turismo-helmuga gisa duen erakargarritasuna.

 

Oro har, eta proiektu horiek islatzen dutenez, modu orekatuan egiten ari da aurrera Planaren arlo estrategikoetan, jarduketa ekonomikoak, sozialak, herrikoak eta ingurumenekoak uztartzen ari baitira.

Bestalde, erakunde publikoen inbertsio-ahalegin handiari esker abiarazi ahal izan da Plana.

2021–2025 aldian, erabilitako inbertsio osoa 244,3 milioi eurokoa izan da eta, hala, hasierako aurreikuspena gainditu eta % 115eko gauzatze-maila lortu da.

Eusko Jaurlaritzak 159 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu (% 111), eta Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, 84,7 milioi euro (% 126). Horrek guztiak agerian uzten du erakundeek eskualdearen eraldaketarekiko duten konpromiso handia.

Erakundeek nabarmendu dutenez, inbertsio-ahalegin horri esker, funtsezko proiektuak bizkortu dira, eta lurraldearen behar historikoei aurre egin ahal izan zaie.

Gainera, eskualdeko adierazle sozioekonomikoen bilakaera positiboak ere Planaren aurrerapena islatzen du.

Pasa diren urteetan, langabezia nabarmen murriztu da (iraupen luzeko langabezia, bereziki), batez besteko errenta handitu da, eta eskola-uztearen tasak behera egin du. Gainera, eskualdeak bere enpresa-sarea indartu du, baita inbertsioa erakartzeko duen gaitasuna ere.

Datu horiek berresten dute Ezkerraldea-Meatzaldea «hobekuntzara bideratutako dinamikan» dagoela.

Azkenik, erakunde guztiek adierazi dute datozen urteak erabakigarriak izango direla martxan dauden proiektuak sendotzeko, egiteko dauden jarduketak bizkortzeko, eta eragin handiena duten ildoak indartzeko.