Segurtasun Sailak lehen aldiz argitaratu ditu Euskal Poliziaren hiruhileko delinkuentzia-datuak

0

Segurtasun Sailak gaur argitaratu ditu urteko lehen hiruhilekoko delituen datuak. Orain arte, hiruhileko datu horiek Ertzaintzaren datuak bakarrik jasotzen zituzten, baina hemendik aurrera Euskadiko udaltzaingoenak ere batuko dituzte. Hala, Euskal Polizian erregistratutako arau-hauste penalei buruzko datuak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren webgunean kontsulta daitezke.

Gaur argitaratutako Euskal Poliziaren datuen arabera, 2026ko lehen hiru hilabeteetan 34.664 delitu erregistratu ziren Euskadin, aurreko urteko aldi berean baino % 3,3 gutxiago. Guztira, Ertzaintzak 25.669 arau-hauste penal zenbatu ditu, eta udaltzaingoek 8.995. Delituen % 74 presentzialak izan dira ( % 2,1 jaitsi dira aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean), eta % 26 delitu informatikoak (7.233 arau-hauste penal guztira).

Delitu presentzialen artean ohikoenak ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak dira, 19.532 arau-hauste penal zenbatu baitira, eta horien artean ugarienak ebasketak dira (10.755 delitu, % 5etik gorako jaitsierarekin). Euskal Poliziak gauzetan indarra erabiliz egindako 3.304 lapurreta eta indarkeria eta larderia erabiliz egindako 3.103 lapurreta ere zenbatu ditu, aurreko urteko aldi beraren aldean ere beherakada txiki bat izan dute.

Iruzurrak delitu guztien % 20 dira. Aurrez aurreko iruzurrak 701etik 749ra igo dira, eta iruzur informatikoak % 8,9 murriztu dira, baina ziberespazioan egindako 10 delitutik ia 9 mota horretakoak dira.

Delitu larrienen artean, urteko lehen hiruhilekoan, lau homizidio zenbatu dira, 2025eko lehen hiru hilabeteetan baino bat gehiago. Euskal Poliziak 2.811 lesio-delitu eta sexu-askatasunaren aurkako 257 delitu ere erregistratu ditu.

2026ko lehen hiruhilekoan, Euskal Poliziak 3.325 pertsona atxilotu eta 10.467 ikertu ditu; horietatik % 88 eta % 75,8 gizonak dira, hurrenez hurren.

Halaber, atxilotutako eta ikertutako pertsona guztien % 39,6 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira.