Euskadi Europako erreferentea haurren hortz-osasunean: % 74 dira txantxarrik ez duten 12 urteko adingabeak

0
  • Haurren % 95 pasatu dira Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programatik (PADI) eta hiru adingabetik bik urtero erabiltzen dute zerbitzua
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzioa indartu dute familia guztiei zuzendutako kanpaina baten bidez, urteko berrikuspenak bultzatzeko, bereziki landa-eremuetan
  • PADI Osakidetzaren zerbitzu publiko eta doakoa da, Euskadiko Odontologo Elkargo Ofizialekin lankidetzan emana, eta haurrei aho-hortzetako arreta bermatzen die
  • PADI Euskadiko Osasun Itunarekin lerrokatzen da, prebentzioa, ekitatea eta haurren bizitzako etapa bakoitzera egokitutako doako arreta sustatuta

Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programak (PADI) Europan haurren aho-hortzen osasunean erreferente gisa duen posizioa sendotu du. Hala jasotzen du 2025eko urteko txostenak, José Ramón Fernández odontologoak eta Osakidetzako PADIko arduradunak gaur goizean Bilbon aurkeztuak, Itziar Madariaga Bizkaiko programaren koordinatzailearekin eta Iñaki Bernaola Bizkaiko Dentisten Elkargo Ofizialeko zuzendari kudeatzailearekin batera.

Datuen arabera, Euskadi Europako eskualde onenen artean dago: 12 urteko ikasleen % 74k ez dute txantxarrik, eta % 67k egoera hori mantentzen dute 14 urterekin. 2025ean, programaren baritan, 122.878 haurrek jaso zuten aho-hortzen arreta, hau da, % 67,17k. Zifra hori bereziki garrantzitsua da Estatuko antzeko programekin alderatuz gero, horietan estaldura ez baita % 50era iristen.

Gainera, EAEko 7 eta 15 urte bitarteko haurren % 95 pasatu dira PADItik, eta horrek adierazten du programa oso errotuta dagoela 36 urteko garapenaren ondoren.

Programa 7 eta 15 urte bitarteko 182.943 adingaberi zuzenduta dago. Azken urteotan, gainera, haurren populazioak behera egin du progresiboki, eta horrek are gehiago indartzen du lortutako emaitzen balioa.

Lurraldeka, Bizkaiak haurren % 50 inguru biltzen ditu, eta 2025ean % 70,41eko estaldura lortu zuen (2023an % 63,66); Gipuzkoa % 62,31ra iritsi da (2023an % 57,05), eta Araba % 67,23ra (2023an % 61,31), eta horrek hazkunde iraunkorreko joera berresten du hiru lurraldeetan.

Emaitza horiek Osakidetzaren eta Euskadiko Odontologoen Elkargo Ofizialen arteko lankidetzari esker dira posible, hiru lurraldeetan programaren funtzionamendua bermatzen duen funtsezko aliantza baita. 2025ean, PADIk 1.062 dentista izan zituen, 704 klinika pribatutan eta Osakidetzaren 38 zentro publikotan banatuta, 7 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.

Asistentzia-sare horrek, Osakidetzako asistentzia-sareko Lehen Mailako Arretako Pediatriako taldeekin koordinatutako ekintzarekin batera, aukera eman du haurren hortz-osasunaren adierazle batzuk Europako ingurune onenetan mantentzeko.

Urteko berrikuspenaren garrantzia gogorarazteko kanpaina

Emaitza horiek onak izan arren, Osakidetzak azpimarratu du garrantzitsua dela familiek urteko berrikuspenetara joaten jarraitzea.

Haurren hortz-osasunaren hobekuntzak txantxarraren intzidentzia murriztu du, eta, horren ondorioz, kasu batzuetan familiek uste dute ez dela beharrezkoa joatea ageriko arazorik ez badago. Hala ere, azterketak funtsezkoak dira oraindik patologia posibleak goiz detektatzeko eta epe luzera aho-hortzen osasun ona mantentzeko.

Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak sustapen- eta gogorarazpen-kanpaina bat jarri dute abian familia guztientzat, eta, bereziki, parte-hartzea txikiagoa den landa-eremuetan bizi direnentzat.

 “Zaindu euren irribarrea – Mira por su sonrisa” goiburuarekin, kanpainaren helburua da programaren ezagutza indartzea eta gogoraraztea PADI doako zerbitzu publikoa dela, Osakidetzak Odontologoen Elkargo Ofizialekin lankidetzan eskaintzen duena.

Ekimenaren barruan kartelak, eduki digitalak, kontsulta-taloiaren birdiseinua eta informazio-triptiko bat daude, mezu argi, hurbil eta eskuragarriekin, parte hartzea errazteko.

Gainera, urtero, familiek gutun bat eta kontsulta-taloi bat jasotzen dute etxean, hitzordua errazteko eta urteko berrikuspena sustatzeko, batez ere gutxien parte hartzen dutenen artean.

Aho-hortzen arreta 0 urtetik aurrera

Osakidetzak lehen haurtzarora ere zabaldu du estaldura. 2026an, aho-hortzen osasuneko ia talde guztiek, dentistek, hortzetako higienista teknikariek eta erizaintzako laguntzaileek osatutakoek, 6 urte arteko adingabeei zuzendutako prebentzio-ekintzak sartu dituzte, eta, horrela, hortzetako osasunaren zaintza eta mantentzea indartu dute bizitzako lehen urteetatik.

2025ean, 9.735 adingabek jaso zuten laguntza zerbitzu horren bidez Osakidetzaren Lehen Mailako Arretan: 4.293 Bizkaian, 3.671 Gipuzkoan eta 1.771 Araban. Arreta 48 talderen bidez antolatzen da, Euskadiko 38 osasun-zentrotan banatuta.

Arreta hori prebentzioan, ohitura osasungarrietan heztean eta txantxar-arriskuaren detekzio goiztiarrean oinarritzen da, Osakidetzako Pediatria taldeekin koordinatuta.

Aho-hortzen osasunari buruzko kontsulta berria Oiongo osasun-zentroan

Aldi berean, Osakidetzak laguntza-baliabideak indartzen ditu eta zerbitzua premia handiena duten eremuetara hurbiltzen jarraitzen du. Aurtengo martxotik, Arabako Errioxako ESIk aho-hortzen osasuneko unitate berri bat du Oiongo osasun-zentroan, eta bertan arreta-eskaera handia detektatzen ari da, batez ere haur eta gazteen taldean.

Txantxar-prebalentzia handiko eremua da, eta orain arte ez zuen Osakidetzaren hortz-osasuneko kontsultarik. Beraz, Arabako Errioxako biztanleentzako sarbidea eta asistentzia-erantzunaren gaitasuna nabarmen hobetuko dira.

Euskadiko Osasun Itunarekiko konpromisoa

PADI Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoen baitan kokatzen da, eta Euskadiko Odontologoen Elkargoak ere parte hartzen du itun horretan hasieratik.

Programak osasuna eta prebentzioa sustatzen laguntzen du, ekitatea bultzatzen du haur guztientzako doako arreta bermatzean, eta bizitzaren etapa bakoitzera egokitutako arreta eskaintzen du, 0 urtetik 15 urtera arte.

Gaur egun % 67ko estaldurarekin, Euskadi Estatuaren buruan mantentzen da, eta 2030eko Osasun Planean ezarritako % 75eko helbururantz egiten ari da aurrera, prebentzioan, lankidetzan eta sarbide unibertsalean oinarritutako eredua indartuta.