Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako 74.963 plaza eskainiko ditu 2026-2027 ikasturterako: errekor historikoa aurreko urtean baino 7.920 plaza gehiagorekin

0
  • Aurrematrikula GAUR, maiatzak 4, irekiko da Euskadiko 184 ikastetxetan.
  • Lehen aldiz, plazen % 50 emakumeentzat gordeko dira zikloetarako sarbide-kuota guztietan, Lanbide Heziketan genero-berdintasuna bultzatzeko.
  • Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleen % 90 ikasketak amaitu ondoren zuzenean sartzen dira lan-merkatura, Energia eta Ura bezalako arloekin, eta ia % 100ekoa da laneratzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labakak, Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketako zuzendari Nicolas Sagarzazurekin batera, 2026-2027 ikasturterako Lanbide Heziketaren berritasunak aurkeztu dituzte gaur goizean, Erandioko Tartangako Lanbide Heziketako ikastetxean. Eskaintza 74.963 plazakoa da, hau da, aurreko ikasturtean baino 7.920 plaza gehiago, Euskadi osoko 184 ikastetxetan banatuta, Eusko Jaurlaritzak herrialdeko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren zutabe estrategiko gisa ezarritako apustuan.

“Lanbide Heziketa Euskadiko eraldaketa ekonomiko eta sozialerako palanka indartsuenetakoa da gaur egun. Gure ikasleen % 90ek lana aurkitzen dute ikasketak amaitzean, eta hori ez da kasualitatea: errealitatearekin lotutako prestakuntza baten emaitza da, proiektu honen parte diren 20.000 enpresa baino gehiagorekin”, nabarmendu du sailburuak, eta gaineratu duenez, “etorkizuneko Lanbide Heziketak talentudun profesionalak prestatu behar ditu, konpromisodunak eta baliodunak, dagoeneko hemen dauden aldaketa teknologikoak gidatzeko gai direnak. Eta hori egin behar du inor atzean utzi gabe, alegia egoera ahulenetatik datozenak, etorkizun handiena duten sektoreetatik denbora luzeegian kanpo geratu diren emakumeak barnean hartuta. Hori da gure bide-orria”.

PLAZEN HAZKUNDE HISTORIKOA, SARE PUBLIKOAREN PISUAREKIN

Datorren ikasturterako eskaintza hazi egingo da prestakuntza-modalitate guztietan. 7.920 plaza berrietatik, 6.035 sare publikoko ikastetxeei dagozkie, hau da, guztizko hazkundearen % 76,20.

Mailaka, hau da eskainitako 74.963 plazen banaketa:

  • Ziurtagiri profesionalak (C gradua): 4.740 plaza.
  • Profesionaltasun-ziurtagiriak (C graduarekin parekatuak): 1.580 plaza.
  • Oinarrizko Mailako Zikloak: 7.083 plaza.
  • Erdi Mailako Zikloak: 24.660 plaza.
  • Goi Mailako Zikloak: 34.725 plaza.
  • Espezializazio-ikastaroak (E gradua): 1.800 plaza.
  • Espezializazio-programak: 375 plaza.

Plazen hazkunde handiena izan duten lanbide-arloak honako hauek dira: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak (1.395 gehiago), Fabrikazio Mekanikoa (1.160 gehiago), Administrazioa eta Kudeaketa (665 gehiago), Merkataritza eta Marketina (590 gehiago) eta Instalazioa eta Mantentze-lanak (490 gehiago).

Bestalde, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak azaldu duenez, “pertsonen ongizatea eta herrialdearen produktibitatea batera doaz. Horregatik, Lanbide Heziketa hori lortzeko biderik zuzenena izatea nahi dugu, eta lanean dihardugu Euskadiko herritarrek kalitatezko enpleguan oinarritutako bizi-proiektuak eskura ditzaten, oso prestakuntza kualifikatuarekin eta gure ekonomiaren sektore estrategikoekin lerrokatuta”, eta hori lortzeko nola lan egiten den zehaztu du, “enpresei entzuten diegu, profesionalak non behar diren identifikatzen dugu eta prestakuntza-eskaintza zabaltzen dugu, erakundeen, pertsonen eta gizartearen benetako beharrei erantzuteko. Euskadiko Lanbide Heziketa etengabe aldatzen ari da”.

EUSKADIKO LANBIDE HEZIKETAN EMAKUMEEN PRESENTZIA BULTZATZEKO NEURRI HISTORIKOA

Euskadiko Lanbide Heziketako plazen % 50 emakumeentzat gordeko dira datorren ikasturtetik aurrera. 2026-2027 ikasturteko berritasun esanguratsuena da, eta esleipen-sisteman egiturazko aldaketa dakar. Erreserba hori ikasle errepikatzaileei, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonei, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituztenei (HPB) eta goi-mailako kirolariei zuzendutako aldez aurreko plazak deskontatu ondoren aplikatzen da.

Gai horri buruz sailburuak adierazi duenez, “emakumeak dira Osasuneko edo Zerbitzu Soziokulturaletako matrikuletan buru, baina ia ez daude Fabrikazio Mekanikoan, Elektrizitatean-Elektronikan edo Instalazio eta Mantentze-lanetan, alegia lan-eskaera handiagoa duten eta soldata hobeak dituzten sektoreetan. Desoreka historikoa da, eta egoera horren aurrean ezin dugu beste aldera begiratu. Ezin dugu talentu hori alferrik galdu. Elektrizista edo mekanikaria izan nahi duen neska batek mutil baten aukera berberak izatea nahi dugu. Eta Euskadiko Lanbide Heziketak neurri honekin bermatuko du”.

Xedapen hori D graduei (oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak) eta E graduei (espezializazio-ikastaroak) aplikatzen zaie, modalitate presentzialean zein birtual erdipresentzialean.
% 90EKO ENPLEGAGARRITASUNA: EUSKADIKO LANBIDE HEZIKETA, LAN MERKATUKO ABALA

Euskadiko Lanbide Heziketak % 90eko laneratze-tasa du ikasketak amaitzen dituztenen artean, eta zifra horrek erakusten du bat datozela emandako prestakuntza eta produkzio-sarearen beharrak. 20.000 enpresak baino gehiagok egiten dute lan Lanbide Heziketarekin, eta ikasleen % 100ek beren prestakuntza lan-ingurunearekin harreman zuzenean osatuko dutela bermatzen dute.

Lanbide-arloei dagokienez, nabarmentzekoak dira Energia eta Ura (% 98,08) eta Instalazioa eta Mantentze-lanak (% 95,01), eta jarraian Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak (% 92,42), Fabrikazio mekanikoa (% 91,89), Informatika eta Komunikazioak (% 90,86) eta Osasuna (% 90,15). 23 lanbide-arlo guztien batez bestekoa % 89,60koa da.

PRESTAKUNTZAREN BERRITASUNAK: GRADU BIKOITZAK ETA IBILBIDE INTEGRATUAK

2026-2027 ikasturtean, lehen aldiz, bi gradu bikoitz sartuko dira: Goi Mailako bat, Sukaldaritza Zuzendaritzako eta Jatetxe Zerbitzuen Zuzendaritzako tituluak konbinatzen dituena, Galdakaoko Ostalaritzako LHIIn, eta Erdi Mailako beste bat, Instalazio Elektriko eta Automatikoak eta Telekomunikazio Instalazioak lotzen dituena, Iurretako LHIIn. Biek hiru ikasturteko iraupena dute, eta bi tituluak eta dagozkien modulu guztiak egiaztatuta lortzeko aukera ematen dute.

Lau ikasturteko ibilbide integratuak ere zabaldu dira (Oinarrizko Graduko bi eta Erdi Mailako bi). Horiei esker, ikasleek DBHko titulua eta Oinarrizko Teknikariarena lor ditzakete lehenik, eta Erdi Mailako Teknikariarena gero, guztia ikastetxe berean.

Era berean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko pasabide-sistema finkatu da. Gaur egun, goi mailako 75 ziklok eta 5 espezializazio-ikastarok kredituak aitortzen dituzte 59 unibertsitate-gradutan, 6 eta 66 kreditu artean, egindako prestakuntzaren eta hautatutako unibertsitate-graduaren arteko kidetasunaren arabera.

Bestalde, BirtLHren bidezko eskaintza erdipresentziala (Ikaskuntza Birtual eta Digitalizatuen Lanbide Heziketako Zentro Integratua) 20 ziklotara zabalduko da ikasturte honetarako, aurreinskripzioko epe berarekin.

NOLA ETA NOIZ ESKATU PLAZA

Eskaerak aurkezteko epea gaur, maiatzak 4, ireki eta maiatzaren 22an amaituko da. Eskaerak hiru modutan aurkez daitezke: online ikasgunea.euskadi.eus bidez, presentzialki Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan, edo ZUZENEANen bidez.

Hezkuntza Sailak gomendatzen du lehentasun-ordenan gutxienez hamar aukera adieraztea, plaza lortzeko aukerak maximizatzeko.

PROZESUAREN EGUTEGIA

  • Maiatzaren 4tik 22ra: eskaeren aurkezpena.
  • Uztailak 6: behin-behineko zerrendak argitaratzea.
  • Uztailaren 9ra arte (12:00etan): erreklamatzeko epea.
  • Uztailaren 13an: behin betiko zerrendak argitaratzea.
  • Matrikula arrunta: uztailaren 13tik 22ra (hiru fasetan).
  • Matrikula berezia: uztailaren 23tik 24ra eta irailaren 1etik urriaren 16ra.