Eusko Jaurlaritzak eta EITBk 2026-2029 Programa-Kontratua onartu dute. Dokumentu estrategiko horrek talde publikoaren inbertsio gaitasuna indartzea ahalbidetuko du datozen urteetan, eta euskal ikus-entzunezko eta kultura sisteman duen eginkizuna sendotuko du.
Programa-Kontratua joan den astean onartu zuten Gobernu Kontseiluak eta, ondoren, EITBren Administrazio Kontseiluan aurkeztu.
Akordio berriak 91,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, EITBren ohiko eta teknologia arloko inbertsioetarako nahiz ikus-entzunezko ekoizpenerako. Horietatik, 56,5 milioi euro inbertsio errealetara bideratuko dira 2029ra arte; hala, EITBk 107 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira 2022-2029 aldian.
Ikus-entzunezkoen arloan, dokumentuak datozen urteetan euskarazko zinema eta telesailak ekoizteko 35 milioi euroko konpromisoa jasotzen du. Apustu horrek euskal zinemagintzari ematen zaion babesa bermatuko du, baita euskarazko fikzio seriatua indartzea ere, jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako berariazko funts baten bidez.
2026-2029 Programa-Kontratuak bideragarritasuna emango dio EITBren inbertsio plan estrategikoari. Besteak beste, Miramon Faktoria, Gasteizko egoitza berria, albiste eta kirol erredakzioetan eredu transmedia ezartzea eta taldearen barne eraldaketa digitalaren eta berritze teknologikoaren bigarren fasea jasotzen ditu plan horrek.
Era berean, dokumentuak zibersegurtasunaren aldeko apustu garrantzitsua jasotzen du, komunikazio zerbitzu publikoen sistema eta azpiegituren segurtasuna eta sendotasuna indartzeko helburuarekin.
Akordio honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk euskal ikus-entzunezko sistema indartzeko, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta komunikazio zerbitzu publikoa erronka teknologiko eta sozial berrietara egokitzeko ibilbide orria sendotu dute.






