Foru Gobernuaren Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak Nafarroako udalerrietan jarduera artistiko eta kulturalak sustatzeko dirulaguntza deialdia onartu berri du. Hau da, Kultura, Kirol eta Turismo Saileko Kultura Ekintzako Zerbitzuak zortzi sektoretan (antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezko arteak eta kultura herrikoi eta tradizionalaren adierazpen artistikoak (bertsoa, jota, dantza, kantu korala, txistua…) egin ohi dituen jarduerekin lotutako ikusizko arteetako ikuskizunak eta proiektuak (Arte Plastikoak, Instalazioa, Esku-hartzea, Bideoartea, Arte Ekologia, Arte Iragankorra, besteak beste) bultzatu nahi ditu.
Gainera, deialdi honen xedeko jardueren programazioaren helburua da emakume eta gizonen arteko berdintasunean inpaktu positiboa izatea, Nafarroako kultur sektorearen ekosisteman eragin positiboa sortzea jarduerari eusten laguntzeko neurri gisa, eta, azken batean, pertsona guztiek kultura eskuragarri izatea eta kultura-bizitzan askatasunez parte hartzea. Jarduerak 2025eko urriaren 27tik 2026ko urriaren 25era bitartean gin beharko dira, bi egunak barne.
Laguntzen zenbatekoa gehienez 600.000 eurokoa izango da, eta erakunde onuradunak Nafarroako 40.000 biztanletik beherako udalerriak izango dira. Halaber, hala behar izanez gero, onuradun izan daitezke udalerri horietan jarduera kulturalak zuzenean kudeatzen dituzten erakundeak edo entitateak nahiz haiek eratutako fundazioak.
Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jada, eta ekainaren 4an amaituko da. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Nagusi Elektronikoaren bidez (www.navarra.es). Eskaera-ereduak eta eranskinak izapidetze-fitxaren bidez bete eta izapidetu ahal izango dira.






