Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Gazte Justiziaren VI. Plana aurkeztu du Legebiltzarrean

0
2.5.2026 JORNADA 34 DE LA LIGA ES SPORT DEPORTIVO ALAVES-ATHLETIC BILBAO
  • 2025-2029 aldirako EAEko Gazte Justiziaren VI. Planak neurri judizialak betetzea ezartzen du, adingabe bakoitzaren beharretara egokitutako hezkuntza, gizarte eta gizarteratze ekintzen bidez

 

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josek, 2025-2029 aldirako EAEko Gazte Justiziaren Plana aurkeztu du, gaur, Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. San Josek azpimarratu duenez, batez ere, plan hau tresna estrategikoa da, eta justiziarekin, adingabeen eskubideen babes eraginkorrarekin eta haien birgizarteratzearekin dugun konpromiso irmoa islatzen du. Berarekin batera, Justiziako zuzendaria, Jose Maria Bastos, egon da.

Bere hitzaldian, sailburuak Planaren ildo nagusiak azaldu ditu, seigarrena gazte justiziaren eskumena Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuenetik. Dokumentu estrategiko horrek bermatuko du gazte justiziaren arloko jarduera bakoitza “koordinatuta, eraginkortasunez eta oinarrizko eskubideak errespetatuz” egingo dela.

Justizia Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin egiten duen kudeaketari dagokionez, San Josek adierazi du “koordinazio horri esker, estrategiak lerrokatu ditzakegu, bikoiztasunak ekidin eta baliabide publikoen erabilera optimizatu, adingabeen gaineko esku-hartzea osoa, pertsonalizatua eta eraginkorra dela bermatuz”.

Gazte Justiziaren VI. Planak aurreko planen ildoa mantentzen du, ikuspegi integral eta egokitzaile batekin, eta adingabe bakoitzaren beharretara egokitutako hezkuntza, gizarte- eta gizarteratzeko neurriak uztartzen ditu. “Bere bederatzi helburuak argiak dira”, azaldu du sailburuak: “neurri judizialak modu eraginkorrean beteko direla ziurtatzea, gizarteratzea eta hezkuntza sustatzea, sailen eta erakundeen arteko koordinazioa optimizatzea eta informazio fidagarria sortzea, gure politikak etengabe hobetzeko”.

Adingabe bakoitzari egokitutako neurriak

Euskadin, gazte justizia esku-hartze publiko hezitzailean oinarritzen da, ez zigor penalean soilik, eta delitu bat egin duten adingabeen erantzukizuna eta gizarteratzea du xede. Zentzu horretan, San Josek gogorarazi du, “adingabe bakoitza bakarra da, eta, horregatik, esku-hartzea bere egoera pertsonalera, familia-, gizarte- eta hezkuntza-ingurunera eta bere ibilbidera egokitzen da”.

María Jesus San Josek ezartzen diren neurri judizial ezberdinak azaldu ditu, eta ingurune irekian ematen direnekin hasi da; besteak beste, zaintzapeko askatasuna, gizarte- eta hezkuntza-arloko lanak egitea, komunitatearen aldeko prestazioak ematea edo etxeko egonaldia. Neurri horiek askatasuna kendu gabe esku hartzeko aukera ematen dute, ahal den guztietan, eta sustatzen dute “erantzukizun soziala, gizarteratzea eta heziketa”, adierazi du.

Hezkuntza zentroetan gauzatzen diren askatasunaz gabetutako neurriei dagokionez, hiru mailatan antolatzen dira: I. maila, murrizketa eta espezializazio handiko neurrietara bideratua, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak kudeatzen du zuzenean, eta II. eta III. mailak, neurri ez hain murriztaileetara zuzenduak, irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituzte. Erakunde horien helburua da adingabeei hezkuntza-eta gizarte-arreta ematea. Zentro horietan, adingabe bakoitzak bere garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresnak jasotzen ditu, “komunitatean erabateko integrazioa sustatzeko helburuarekin”, adierazi du sailburuak.

Etengabeko eta kanpo ebaluazioa

Era berean, San Josek gogorarazi du, “planaren funtsezko zutabea kanpo-ebaluazio jarraitua da, egokitasuna, efizientzia eta eraginkortasuna bermatzen dituena”. Horretarako, Justizia Zuzendaritzak EHUko Kriminologia Institutuaren laguntza izango du, eta Institutuarekin batera, urteko jarduera memoriak, tarteko ebaluazioa eta azken ebaluazioa egingo dira.

Gainera, EHUko kanpoko ikertzaileek metodologian aholkatuko dute, informazioa bilduko dute eta emaitzak prestatuko dituzte, “zorroztasun zientifikoa eta objektibitatea” ziurtatuz. Sailburuaren aburuz, “horrek bermatzen du ebaluazioak adingabeen errealitate soziala, hezkuntza maila eta judiziala islatzea, eta gure politikak etengabe hobetzea”.

Aurrekontua eta zentroen sarea indartzea

María Jesús San Josek planaren aurreikuspen ekonomikoa zehaztu du. Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 12,6 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu ingurune irekiko zerbitzuetara, probintziaren eta zerbitzu bakoitzaren ahalmenaren arabera banatuta.

Hezkuntza zentroei dagokionez, Ibaiondo zentro publikoak, I. mailako bakarrak eta 42,9 milioi euroko aurrekontua izango du. II. eta III. mailako zentroek —irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutakoak— 57,7 milioi euroko aurrekontua izango dute. Segurtasunari dagokionez, arlo horretara bideratutako 14,7 milioi euroetatik erdia Ibaiondo zentrora bideratzea aurreikusten da.

San Josek gogorarazi du “planaren arrakasta profesional espezializatuak eta behar besteko kopurua izatean ere datza”. 2025-2029 aldirako, planak aurreikusten du ingurune irekiko zerbitzuetan —15 adingabeko profesional bateko ratioa ezartzen duenak—Bizkaian 16 profesional izatea, zortzi Gipuzkoan eta bost Araban.

Gazte justiziako hezkuntza zentroek zuzendaritza eta administrazioko langileak, teknikariak eta koordinatzaileak, hezitzaileak, irakasleak eta zerbitzu laguntzaileetako langileak dituzte. “horrek bermatzen du arreta integrala eta pertsonalizatua”, adierazi du sailburuak. Adibide gisa, azaldu du Ibaiondok 39 plazarako izango dituela “65 hezitzaile, zuzendaritzako eta administrazioko bost pertsona, psikologo bi, gizarte langile bi, hamahiru irakasle eta zerbitzu laguntzaileetako langileak”. Irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutakoek, beren langileak zentro bakoitzaren edukierara eta erabiltzaileen beharretara egokitzen dituzte.

Bukatzeko, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak planaren oinarri diren printzipioak zerrendatu ditu: erakundeen arteko koordinazioa, gardentasuna eta kontu-ematea, banakako arreta, prebentzioa eta gizarteratzea, eta etengabeko ebaluazioa.

“2025-2029 Gazte Justiziako Plana Eusko jaurlaritzaren konpromiso irmoa da legearekin gatazkan dauden adingabeekin, eta bermatzen du haien eskubideak errespetatuak izatea, hezkuntza- eta gizarte-arreta integrala jasotzea eta baliabide publikoak modu eraginkor, arduratsu eta gardenean kudeatzea”, amaitu du sailburuak.