- Eusko Jaurlaritza Europan zorro digitalak hedatzeko proiektu aitzindari batean parte hartzen ari da
- Basque EUDI Wallet ekimena funtsezko azpiegitura digital publikoa izango da, elkarreragingarritasuna indartzea, administrazio-kargak murriztea eta Euskadiren lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duena
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu saila helburu argi batekin ari da lanean: pertsonen egunerokotasuna erraztea, administrazioa sinplifikatuz eta digitalizatuz, zerbitzu publikoak hobetu eta indartzeko.
Bide-orri argi horri jarraiki, administrazioaren eraldaketa jada errealitate bat da eta elkarreragingarritasuna eta identitate digitala funtsezkoak dira herritarren, enpresen eta administrazioen arteko harremana errazagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Esparru horretan, Euskadi, Ejieren eta Izenperen eskutik, proiektu aitzindari batean parte hartzen ari da. Proiektu honek WE BUILD du izena eta Europar Batasuneko Identitate Digitala hedatzeko Europako Batzordeak sustatutako eskala handiko pilotu bat da. Proiektu honek izapideak arintzea, burokrazia murriztea eta transakzio digital seguruak bermatzea du helburu, Europar Batasun osoan elkarreragingarritasun-esparru baten barruan.
Identitate digitalari buruzko hitzordu europarra
Gaur proiektu honen baitako lan-jardunaldietako bat egin da Donostian, Europako hainbat herrialdetako ordezkarien eta Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako foru-ogasunen eta IZFE, Gipuzkoako Administrazio Publikoaren informatika zerbitzuen foru sozietatearen parte-hartzearekin, atzerrian zergen aitorpenari lotutako erabilera-kasu baten diseinuan aurrera egiteko. Proiektu horrek aukera emango dio edonori sisteman alta emateko eta Europan fiskalki parte hartzeko.
Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman dio hasiera jardunaldiari, Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantzako diputatuarekin batera.
Maria Ubarretxena sailburuak nabarmendu duenez, «parte hartze honi esker, Euskadi eragile garrantzitsua izaten ari da Europako etorkizuneko zerbitzu publiko digitalen definizioan; proiektu hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren eraldaketa-estrategiarekin lerrokatuta dago, Administrazio arinago, modernoago, hurbilago eta pertsonengan oinarritutako baten alde aurrerapausoak emateko; identitate digital berrirako pausoa zerbitzuen digitalizaziotik harago doa; aldaketa sakona dakar gobernantzan, arauetan eta administrazio publikoen lan egiteko moduan», baieztatu du Ubarretxenak.
Bestetik, foru-diputatuak adierazi du, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken hamarkadetako modernizazio-erronkak eraldaketa-digitalak gidatu dituela”. Ildo horretatik, azpimarratu du beharrezkoa dela “herritarren beharrei eta gizarteak planteatzen dituen erronkei erantzun eta aurre hartzen dien administrazio baterantz urratsak egiten jarraitzea, digitalizazioaren aldeko apustua eginez, digitalizazioa herritar guztientzako sarbidea eta arreta bermatzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko tresna gisa ulertuta”. Era berean, adierazi du, hori lortzeko, «erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa” dela eta, testuinguru horretan, beharrezkotzat jo du Europako kohesio-esparru sendoa izatea.
Teknologiaz haragoko eraldaketa
Etorkizuneko nortasun-zorro digitalak aldaketa dakar administrazioekin eta zerbitzu digitalekin identifikatzeko eta harremanak izateko moduan. Ez da soilik tresna teknologiko berri bat: eredu berri bat da, herritarren datuen kontrola indartzen duena, konfiantza eta segurtasuna areagotzen dituena eta prozeduretan beharrezkoak ez diren urratsak ezabatzen laguntzen duena.
Zorro digitalei esker, pertsonek eta eragile ekonomikoek beren burua identifikatu, sinatu eta informazioa modu seguruan partekatu ahal izango dute mugikorretik, eta izapide bakoitzean beharrezkoak diren datuak baino ez dituzte emango. Ikuspegi horrek pribatutasuna errazten du, dokumentazioa emateko beharra murrizten du eta administrazio-prozeduretan beharrezkoak ez diren urratsak ezabatzen ditu.
Eta bide horretan, Basque EUDI Wallet ekimena funtsezko azpiegitura digital publikoa izango da, elkarreragingarritasuna indartzea, administrazio-kargak murriztea eta Euskadiren lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duena.






