Eusko Jaurlaritzak Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortuko du, Euskadiko osasun sistema publikoaren bilakaera sustatzeko

0
  • Osasun Sailak organo aholku-emaile berri honen aldeko apustua egin du, antolaketa-berrikuntzaren eta berrikuntza digitalaren arloko erabaki estrategikoak bideratzeko, lankidetzaren, ezagutza adituaren eta praktika errealarekiko loturaren bidez
  • Osasun-sistema eraldatzea ez da kontu teknologiko bat bakarrik,  herritarren benetako premiei erantzungo dieten erabaki estrategikoak hartzea ere eskatzen du. Premisa horrekin, Osasun Sailak Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea eratu du
  • Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat egin du aurrera Euskal Osasun Itunaren garapenean batzorde hau sortuz, osasun-sistemaren bilakaeran plangintza, kudeaketa eta asistentzia-praktika lerrokatzeko

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea eratzeko azken urratsak ematen ari da. Organo aholku-emaile espezializatu horrek Euskadiko osasun-sistema publikoaren antolaketa-berrikuntzaren eta berrikuntza digitalaren arloko erabaki estrategikoak bideratzen lagunduko du.

Eredu horrek osasun-sistema eraldatzeko apustua egiten du, lankidetzatik, ezagutza aditutik eta praktika errealarekiko loturatik abiatuta, profesionalen, pazienteen erakundeen eta herritarren inplikazioarekin; prebentziora eta arreta integralera gehiago bideratutako sistema baterantz aurrera egiteko, laguntza-jarraitutasun handiagoa izateko, herritarrekiko harreman hurbilagoa eta gizatiarragoa izateko, eta balioan eta ekitatean oinarritutako ikuspegia izateko, jarduera-bolumenaz harago.

Estrategia eta errealitatea lerrokatzeko gunea

Batzordea eraldaketa-prozesuaren gobernantza indartzeko sortu zen, plangintzaren, kudeaketaren, berrikuntzaren, teknologiaren eta asistentzia-praktikaren artean partekatutako lan-esparru bat ahalbidetuz.

Ikuspegi horrek funtsezko ideia bati erantzuten dio: osasun-sistemaren eraldaketa ez da teknologikoa soilik; aitzitik, datozen urteetan sistemak nola funtzionatu behar duen birpentsatzea eskatzen du, herritarren beharrei hobeto erantzuteko. Alde horretatik, digitalizazioa aldaketaren zerbitzura dagoen tresna gisa ulertzen da, aurrea hartzea, koordinazioa eta erabakiak hartzea hobetzeko gai dena; era horretan, pertsonak zaintzeko denbora gehiago geratuko da.

Foro horrek aukera emango du funtsezko hainbat ikuspegi integratzeko eta politikak diseinatzen dituztenek eta praktikan gauzatzen dituztenek lehentasunak, erritmoak eta soluzioak definitzeko elkarrekin lan egin ahal izateko.

Batzordearen funtzioak

Haren funtzio nagusien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Osasun Sailari aholku ematea eraldaketaren eta berrikuntzaren arloan Euskal Osasun Ituna garatzeko.
  • Laguntza-ereduetan, antolaketan eta digitalizazioan jarduketa-ildoak proposatzea.
  • Eraldaketarako proiektu estrategikoak bultzatzea eta horien emaitzak ebaluatzea.
  • Osasun-sisteman jardunbide egokien koordinazioa eta trukea bultzatzea.
  • Joerak, agertzen ari diren teknologiak eta osasun-arloko ikerketa-ekimenak aztertzea.

Kontsulta egiteko balioko du, erabaki publikoen kalitatea hobetzeko eta sistemaren benetako beharrekin bat datozela ziurtatzeko.

Profesionalen, pazienteen erakundeen eta herritarren parte-hartzea

Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeko burua Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Gontzal Tamayo Medel izango da, eta idazkaria, berriz,  Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Inés Gallego Camiña. Osasun Saileko eta Osakidetzako ordezkariek, pazienteen erakundeek, Osasun Ikerketako Institutuek eta elkarte zientifikoek osatuko dute batzorde hori.

Osasun-sistemaren eraldaketa Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko bat da, Euskadiko Osasun Itunarekin bat datorrena. Itun horren arabera, antolaketa-berrikuntza eta eraldaketa digitala funtsezko ardatzak dira eredu efizienteago, irisgarriago eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egiteko. Izan ere, ekimenak osasun-sistemak dituen erronka garrantzitsuei erantzuten die, hala nola biztanleriaren zahartzeari, kronikotasunaren igoerari, asistentzia-presio gero eta handiagoari edo sistemaren ekitatea eta jasangarritasuna bermatzeko beharrari.