- «Ezagutza Zabaltzen» ekimenak 700.000 euro bideratuko ditu Euskadiko zientzia-dibulgazioko ekimenetara
- Deialdiaren helburua da kultura zientifikoa indartzea eta gizarte kritikoagoa, informatuagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatzea
- Laguntza horiei esker, Jakindari EAEko kultura zientifikoaren aldeko aliantzari atxikitako erakundeek sustatutako proiektuak garatu ahal izango dira
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Euskadin lehen aldiz, ezagutza zientifikoa gizartean zabaltzeko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdi bat. «Ezagutza Zabaltzen» izeneko ekimena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2025ean abian jarritako Ezagutza Gizartean Zabaltzeko egitasmoaren barruan kokatzen da.
Laguntza-ildo berri honen helburua da ezagutza zientifikoa eta berrikuntza euskal herritar guztiei hurbiltzea, kultura zientifikoa indartzea eta gizarte kritikoagoa, informatuagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatzea.
Gaur egungo testuinguruan, desinformazioaren areagotzeak eta ezagutza zientifikoaren balioa zalantzan jartzen duten mugimenduen gorakadak markatuta, Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jotzen du ezagutzaren zabalkunde soziala indartzea, demokraziaren eta eztabaida publikoetan eta erabakiak hartzean herritarrek parte hartzearen funtsezko zutabe gisa.
Deialdiaren helburua da ezagutza zientifikoa eskuragarriago egitea, zientziara hurbiltzeko eta zientziaz gozatzeko dauden gizarte-arrakalak murriztea, dibulgazio zientifikoan euskararen erabilera sustatzea eta ezagutza sortzeko eta transferitzeko prozesuetan herritarren parte-hartzea bultzatzea.
Berrikuntza, irismen handiagoa eta lankidetza
Finantzaketa-tresna berri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak nabarmen zabaldu nahi du Jakindari osatzen duten eragileek (EAEko kultura zientifikoaren aldeko aliantza) garatutako dibulgazio-proiektuen irismena, bai publiko hartzaileari dagokienez — gazteak, 65 urtetik gorako pertsonak edo kolektibo kalteberak, besteak beste —, bai lurralde-orekari dagokionez, arreta berezia jarrita hiriburuetatik urrun dauden udalerriei eta eskaintza zientifiko eta kultural mugatua duten eremu geografikoei.
Laguntzek lehentasuna emango diete aurretik Euskadin garatu ez diren proiektu berritzaile edo diseinu berriko proiektuei. Era berean, finantzazioa eskuratu ahal izango dute lehendik dauden ekimenek, baldin eta haien irismena handitu dela edo gizartean duten eragina indartzeko formatu eta metodologia berritzaileak txertatu direla egiaztatzen badute.
700.000 euro zientzia-dibulgazioko proiektuetarako
«Ezagutza Zabaltzen» programak 700.000 euroko diru-zuzkidura izango du guztira: 200.000 euro arte banakako proiektuetarako izango dira, eta 500.000 euro arte taldeko proiektuetarako.
Banakako proiektuek 8.000 euroko aurrekontua izan beharko dute gutxienez, eta 20.000 eurokoa gehienez; lankidetzan egindako proiektuek, berriz, 50.000 eurotik 80.000 eurora bitartekoa.
Jakindari aliantzako kideentzako laguntzak
Jakindari aliantzarekin bat egiten duten erakundeei zuzenduta dago deialdia, besteak beste, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateei eta atxikitako zentroei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei.
Diruz lagundu daitezkeen ekimenek hainbat formatu izan ditzakete: zientzia- eta berrikuntza-azokak edo -jaialdiak, zientzia-dibulgazioko ikuskizunak, bisita gidatuak ikerketa-zentroetara, erakusketak, hitzaldi-zikloak, tailer esperimentalak, ikus-entzunezko, irratiko edo podcast proiektuak, herritarren zientzia-proiektuak edo gazteen artean zientzia-bokazioak pizteko ekimenak.
Genero-ikuspegia, lankidetza eta dibulgazioa euskaraz
Eskaerak baloratzeko irizpideen artean sartzen dira zientzia-dibulgazioko proiektuen kudeaketan izandako esperientzia, aurreikusitako jardueren eragina eta irismena, genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, eragileen arteko lankidetzarako gaitasuna eta euskarazko zientzia-dibulgazioa bultzatzea.
Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du zientzia irekia, hurbila eta herritar guztientzako irisgarria izateko konpromisoa, bai eta kultura zientifikoa indartzeko konpromisoa ere, desinformazioaren aurrean funtsezko tresna baita






