- Susana Garcia Chuecak gogorarazi du lehen tarteko lanak, Aldaiakoa, esleituta daudela dagoeneko, eta bigarren adarrekoak ekainean zehar lizitatuko direla
- Tranbia zerbitzuak erabilera-errekor berria lortu du, urtarriletik apirilera bitartean lau milioi bidaia gainditu baititu
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak nabarmendu du Arabako herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dutela Gasteizko tranbia; izan ere, urteko lehen lau hilabeteetan erabilera-errekor berria lortu da, lau milioi bidaia baino gehiago egin baitira. Horrek esan nahi du % 2,7ko igoera izan dela urtarriletik apirilera bitarteko aldiarekin alderatuta. San Prudentzio jaiak zirela eta lehen aldiz martxan jarritako gaueko tranbia zerbitzuari dagokionez, 2.000 pertsona baino gehiagok erabili zuten, eta egunean zehar 10.000 bidaia baino gehiago erregistratu ziren, eguneko ohiko zerbitzua gehituta.
Radio Vitorian egindako elkarrizketan, sailburuak gogorarazi du tranbia Zabalgana auzora luzatzeko lehen adarreko lanak, Aldaiakoak, esleituta daudela dagoeneko, eta “uda honen hasieran” hasi ahal izango direla. Era berean, bere saila bigarren tartearen eraikuntza-proiektua amaitzen ari da, Mariturrikoarena, eta lanak ekainean lizitatu ahal izatea espero du. Bestalde, García Chuecak gogorarazi du zerbitzuaren hedapena tranbia-unitate estraluze berrien bidez egingo dela, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, “herritarren erantzun onaren eta erabileraren igoeren ondoren, eguneko une jakin batzuetan modu erosoagoan bidaiatzeko”.
Tranbia Buesa Arena ingurura zabaltzeko aukerari dagokionez, García Chuecak adierazi du “legegintzaldian zehar horren komenigarritasuna aztertzeko konpromisoa dugula, eta bete egingo dugula”. “Egin beharreko azterketak egingo ditugu, eta pausoz pauso joango gara”, ziurtatu du.
Aurreko luzapen batean, Salburuakoan, arreta jarrita, sailburuak azpimarratu du tarte horren erabilera tranbia osoaren % 13tik gorakoa dela dagoeneko, eta 2023an inauguratu zenetik lau milioi joan-etorri baino gehiago ekarri dituela tranbia-sistemara. “Jende gaztea tranbiara igotzen ari da, ibilgailu pribatua baino askoz erosoagoa delako”, esan du sailburuak; era berean, nabarmendu du, hobariek hasiera batean garraio publikoa bultzatu bazuten ere, hazkunde horrek denboran eusten diola.
Azkenik, García Chuecak Arabako Lautadako aldiriko zerbitzuaren lehen hamaika hilabeteen balantzea ere egin du. Maiatza amaitzean urtebete beteko da zerbitzua martxan jarri zenetik, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eskumena bere gain hartu ondoren. Hilabete hauetan 245.000 bidaia erregistratu dira, aurreko urteko aldi berean baino 65.000 gehiago; hau da, % 36ko igoera. Joan-etorri gehienak eguneko lehen orduan eta astelehenetik ostiralera egiten dira, linea berriak hartzen dituen herri desberdinetatik Gasteizera heltzen diren 250 pertsona ingururekin. Hala ere, alderdi kuantitatibotik harago, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak ondorioztatu du garrantzitsuena dela “autoari alternatiba bat” eskaintzea eta erabiltzaileek “lanera edo eskolara joateko erosotasun handiagoa izatea”.






