- Urtero, 15 eguneko prebalentzia-azterketa egiten da ospitalizazio-eremuan, eta ingresatutako pazienteen sarbide benoso guztiak aztertzen dira
- Azken azterketetan, 100 paziente inguruk hartu dute parte, eta ikusi da flebitis-tasa % 4 eta % 5 artekoa dela
Osakidetzako Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) pazientearen segurtasuna hobetzeko eta sarbide baskularrekin lotutako konplikazioak prebenitzeko jardunaldi bat antolatu du, Flebitis Zero proiektuaren esparruan.
Prebentzio Medikuntzako Zerbitzuak sustatutako proiektu honen helburua da kateter benoso periferikoei lotutako konplikazioak murriztea, hala nola flebitisa eta bakteriemia. Goierri-Urola Garaiko ESIak aktiboki parte hartzen du ekimen horretan, eta osasun-arreta seguruarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa indartzen du.
Helburu horiek lortzeko, ebidentzia zientifikoan oinarritutako jardunbide egokien protokolo bat eta etengabeko ebaluazio-sistema bat aplikatzen dira. Urtero, 15 eguneko prebalentzia-azterketa egiten da ospitalizazio-eremuan, eta ingresatutako pazienteen sarbide benoso guztiak aztertzen dira. Azken azterketetan, 100 paziente inguruk hartu dute parte, eta ikusi da flebitis-tasa % 4 eta % 5 artekoa dela, nazioarteko estandarrarekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, bihar, maiatzak 27, Flebitis Zero Euskadi III. Jardunaldia egingo da Zumarragako Zelai Aristi aretoan. Topaketa horren helburua da osasun-profesionalen arteko segurtasun-kultura indartzea eta zainketen hobekuntzan aurrera egiten jarraitzea.
Pazientearen esperientzia
Programak mahai-inguruak, komunikazio zientifikoen aurkezpenak eta pazientearen ahotsari eskainitako gune bat barne hartzen ditu, bere esperientziaren eta arretaren hobekuntzan duen zereginaren balioa azpimarratuz. Era berean, erizaintzak konplikazioen prebentzioan eta asistentziaren kalitatean duen garrantzia nabarmenduko da.
Jardunaldiak osasun-arloko profesionalak eta adituak bilduko ditu, ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Aurkezturiko komunikaziorik onenaren aintzatespenarekin amaituko da topaketa.
Horrelako ekimenen bidez, Osakidetzak pazientearen segurtasunarekin duen konpromisoa indartzen du, eta arreta gero eta gizatiarragoa, eraginkorragoa eta ebidentzian oinarritua ematen du.






