- Bengoetxea lehendakariordeak legelari espezializatuak elkartu ditu euskal selekzioek nazioartean duten presentziari buruzko txostena kontrastatzeko
- Estaturik gabeko nazioek nazioarteko federazio eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera juridikoak aztertzen ditu txostenak
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kirol-zuzenbidean eta nazioarteko araudian espezializatutako legelariak elkartu ditu gaur, euskal kirol-selekzioen ofizialtasuna ardatz duen lan-bileran. Bertan parte hartu dute ospe handiko legelari hauek, besteak beste: Juantxo Landaberea, Juanjo Álvarez, Juan Carlos Soto, David Salinas-Armendariz eta Javier Cortazar. Lehendakariordearekin batera izan dira Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, eta Elisabeth Altube, zuzendaritzako legelaria. Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak ere parte hartu du, entzule gisa.
Euskal Selekzioen Ofizialtasunaren Agendaren baitan egin da bilera; ildo hori Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko bat da. Eusko Jaurlaritzak nazioartean estaturik gabeko nazioen federazioen egoera aztertzeko eskatu zuen txostena aberastea eta kontrastatzea izan da bileraren helburua.
Lehendakariordeak berariaz eskertu du legelarien parte-hartzea. Nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzarentzat funtsezkoa da kirol-zuzenbidearen arloan lan egiten dutenen esperientzia eta ezagutza izatea. Zuen ekarpena funtsezkoa da txostenaren zorroztasuna, sendotasuna eta baliagarritasuna bermatzeko”.
Estrategia berriak definitzeko funtsezko txostena
Imanol Pradales Lehendakariak euskal federazioekin azaroaren 10ean, Ofizialtasunaren Agendaren aurkezpenaren esparruan, hartutako konpromisoaren emaitza da txostena.
Txosten horrek nazioarteko federazioen araudia aztertzen du, kide berriak onartzeari dagokionez, eta estaturik gabeko nazioei arreta berezia eskaintzen dio, bai eta haien selekzioek nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko baldintzei ere. Txostena 2004an enkargatu eta 2014an eguneratu zen. Orain, analisi berri honen asmoa da diagnostiko berri bat egitea eta, hala, esparru eguneratu bat ezartzea.
Helburua, beraz, bikoitza da: alde batetik, indarrean dagoen esparru juridikoak ofizialtasunean aurrera egiteko eskaintzen dituen aukerak identifikatzea; eta, bestetik, nazioarteko kirol erakundeen, haien funtzionatzeko irizpideen eta aukera berrien agertoki eguneratua eskaintzea.
Prozesu konplexua: estrategia eta koordinazioa beharrezkoak dira
Bengoetxeak adierazi duenez, “euskal selekzioen ofizialtasuna lortzea ez da soilik borondate kontua. Prozesu konplexua da, eta estrategia, ezagutza eta lan koordinatua behar ditu, hainbat mailatan”.
Ildo horretan, lehendakariordeak gogora ekarri du ofizialtasuna lortzeko bidean hainbat direla eman beharreko urratsak: euskal federazio bakoitzak borondatea berariaz adieraztea; Estatuko marko juridikoarekin bat etortzea, eta, azkenik, nazioarteko federazioek onartzea.
Bengoetxeak azpimarratu du, halaber, aldarrikapen sozialaz eta selekzioekiko pertenentzia-sentimenduaz gain, helburu horretan aurrera egiteko faktore erabakigarriak izango direla “estrategia, arau-markoa ezagutzea, aurrez egindako lana, harremanak, konplizitateak eta diplomazia”.
Eusko Jaurlaritzak lan-ildo hori garatzen jarraituko du datozen hilabeteetan, kirol-federazioekin eta eragile espezializatuekin lankidetzan, estrategia berriak diseinatzeko. Helburua da Euskadik nazioarteko kirolean duen presentzia eta aintzatespena handitzea.






