- Bizkaia plazaren inguruan saneamendu-proiektuaren lehen fasea egitea erabaki dute, 1,46 milioi euroko inbertsioarekin eta obrak egiteko 8 hilabeteko epearekin
URA-Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia —, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute «Donibaneko saneamendua Bizkaia plazaren inguruan» proiektuaren obrak gauzatzeko, herriguneko saneamendu-sarea hobetzen aurrera egiteko eta Pasaiako badian isurketak murrizten laguntzeko.
Asier López Etxebarria URAko zuzendari nagusiak, José Ignacio Asensio Bazterra Iraunkortasuneko foru diputatuak, Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak eta Martín Ibabe Eceiza Añarbeko Uren Mankomunitateko lehendakariak sinatu dute akordioa.
Horri esker, hondakin-uretarako eta euri-uretarako kolektore-sare bat egingo da, Bizkaia plazari, Juan XXIII kaleari eta Donibane kalearen hasierari zerbitzua emateko. Hondakin-urak Bizkaia plazako ponpaketa-estazio berri batera bideratuko dira, eta handik Mankomunitatearen sarera bultzatuko dira, Loiolako HUAn tratatuak izan daitezen. Lanak Bizkaia plazaren inguruan hasiko dira, eta pixkanaka jarriko dira martxan, herriguneko tarte esanguratsu bateko isurketak ahalik eta lasterren jasotzeko.
Jarduerak 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du — obrak egiteko 8 hilabeteko epea aurreikusi da —, eta erakunde sinatzaileek batera finantzatuko dute: Pasaiako Udalak % 35a, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 30a, URA Uraren Euskal Agentziak % 25a eta Añarbeko Uren Mankomunitateak % 10a.
Lankidetza instituzional horri esker, Pasaiako badiaren ingurumen-kalitatea hobetzen jarraitzeko eta herritarrentzako saneamendu-sistema eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko jarduera estrategikoari jarraipena ematen zaio.
Jarduketa Pasaiako badiako saneamendu-sistemaren garapenaren barruan kokatzen da. Sistema hori pixkanaka ezarri da 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera, hondakin-urak biltzeko eraztun-hodi bat eraikiz eta Loiolako araztegiarekin lotuz. Horri esker, hondakin-uren bilketa eta arazketa nabarmen hobetu da, eta badiako ingurumena lehengoratzen aurrera egin da.
Egiteke dauden jarduketen artean, Donibaneko tartea dago, giltzarria baita sistema amaitzeko eta oraindik sartu gabeko isurketak sare orokorrera konektatzeko. Donibaneko ezaugarriak dituen hiri-ingurunean esku hartzearen konplexutasun tekniko handiak baldintzatu du tarte hori egitea.






