-
Euskadi turismoaren arloko Europako Next Generation funtsen gauzatze-ehunekorik handieneko Autonomia Erkidegoa da, eta % 90eko ehunekoa gainditu du jada.
Industria eta Turismoko ministro Jordi Hereu eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Gasteizen bildu dira gaur, bi erakundeen arteko koordinazioa eta baterako proiektuak aztertzeko. Ildo horretan, turismoaren arloko Europako Next Generation funtsen gauzatzea aztertu dute, eta Euskadi da orain arte gauzatze-ehunekorik handiena duen Autonomia Erkidegoa, % 90etik gorakoa.
Euskadik 105 milioi euro baino gehiago jaso ditu Europako funtsetatik turismoaren arloan, eta, horietatik, 80 milioi euro Helmugako Jasangarritasun Turistikoko 3 Planetara (2021-2023) bideratu dira eta 34 proiektu baino gehiago garatu dira hainbat udalerri eta eskualdetan. Funts horiek turismo-jarduera eraldaketa digitalaren, jasangarritasunaren edo helmugetan egindako inbertsioen bidez sustatzera eta laguntzera bideratuta daude. 2026an amaituko da funtsak gauzatzeko epea, eta Euskadi betetze-maila handiagatik nabarmendu da.
Sailburuak eskerrak eman dizkio ministroari Europako Funtsen esparruan eta partekatutako beste arlo batzuetan erakutsitako koordinazioagatik. “Erakundeek elkarrekin lan egiten dutenean, gauzek hobeto funtzionatzen dute, eta plan hauek horren erakusgarri dira. Baterako lanari eta gobernantza errealari esker, funtsak udalerri eta eskualde ugaritara iritsi dira, bertako baliabideak bultzatu ahal izan dira eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetu dira”.
Bestalde, Jordi Hereu ministroak “turismo-politikaren arloko baterako gobernantza instituzionalaren onuren” garrantzia nabarmendu du, baita “Next Generation funtsek herrialde osoarentzat eta, bereziki, ‘Espainia berdeko eta barnealdeko’ eskualdeentzat (hala nola Euskadirentzat) ekarri duten oparotasunaren eta modernitatearen” garrantzia ere. “Izan ere, Euskadi turismo-ereduaren eraldaketa arduratsu eta jasangarriaren adibidea da”.






