Barakaldoko Udalak kaleko altzarien bilketa eta ikastetxeetako garbiketa indartuko ditu zaborrak garbitzeko eta biltzeko kontratu berriarekin

0

Barakaldoko Udalak gaur arratsaldean, ezohiko osoko bilkuran, kaleak garbitzeko eta hiri-hondakinak biltzeko kontratu berria esleitu dio Valorizari, 96,6 milioi euroko zenbatekoan, zazpi urteko aldirako. Kontratuak aldeko txosten tekniko guztiak ditu, bai eta KEAOk, Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, emandako ebazpena ere. Udalaren bolumen ekonomiko handieneko kontratua da, eskaintzen dituen zerbitzuen garrantzia dela eta, eta aukera emango du hiriaren garbitasuna indartzeko, makineria berria sartzeko eta hainbat prestazio hobetzeko, bai herritarrentzat, bai zerbitzua garatzen duten langileentzat.

Berrikuntza nagusien artean, kalean utzitako altzarien eta tresnen bilketa indartzea

nabarmentzen da. Gaur egun, zerbitzu hori aldez aurretik hitzordua eskatuta ematen

da, 010 telefonoaren bidez. Bertan, erabiltzaileek egun eta ordu bat jasotzen dute

objektuak etxetik gertuen duten edukiontziaren ondoan uzteko, ondoren

erretiratzeko.

Sistema horri hilero auzoka programatutako bilketa bat gehituko zaio. Horretarako,

enpresa esleipendunak gehienez ere lau sektoretan banatu ahal izango du udalerria,

eta horietako bakoitzarentzat igande finko bat ezarri ahal izango du hilean,

herritarrek altzariak eta tresnak uzteko aukera izan dezaten, aldez aurretik hitzordua

eskatu beharrik izan gabe. Zerbitzu horrekin batera, informazio-kanpainak egingo

dira, bilketen egutegia ezagutarazteko eta behar bezala funtzionatzeko.

Makineria berria eta garbiketa gehiago eskolako jolastokietan

Kontratu berriak bideak garbitzeko makinak erabat berritzeko betebeharra ezartzen

du, ekipamendu jasangarriagoen, eraginkorragoen eta hiriaren egungo beharretara

egokitutakoen aldeko apustua eginez. Era berean, edukiontzi marroia biltzeko

maiztasuna egun batean handituko da auzo guztietan, eta edukiontzietatik kanpo

utzitako poltsetan dauden hondakinak bereizi beharko dira, birziklatze egokia

errazteko.

Ikastetxeetako jolastokien kasuan, garbiketa asteburuetara eta jaiegunetara ere

zabalduko da, egun horietan irekita dauden esparruetan. Gainera, ekorketa-orgek

lokalizazio-gailuak izan beharko dituzte, zerbitzuaren kudeaketa optimizatzeko.

Langileentzako soldata-hobekuntzak

2023an sinatu eta 2028ra arte indarrean egongo den sektoreko hitzarmenean

jasotako soldata- eta lan-hobekuntzak jasotzen ditu kontratuak. Lan-baldintzen

eguneratze hori zerbitzura bideratutako inbertsioaren hazkundean eragina izan duen

faktoreetako bat da, eta hiri-garbiketaren kalitatea eta plantillaren baldintzak

indartzea ahalbidetu du.

«Esleipen honekin oso urrats garrantzitsua egiten dugu Barakaldoko garbiketa

hobetzen jarraitzeko. Kontratu berriak hobekuntza garrantzitsuak dakartza

zerbitzuan, makineria guztia berritzea eta altzarien eta tresnen bilketa indartzea

ahalbidetuko du gure auzoetan, herritarren eskaera ohikoenetako bati erantzunez «,

adierazi du Asier Umaran Auzoetarako eta Hirirako Zerbitzuetako zinegotziak.

Umaranek, halaber, azken urteetan konplexutasun horretako kontratu bat aurrera

ateratzeko egindako lana azpimarratu du. «Udalaren kontraturik garrantzitsuena da,

duen bolumen ekonomikoagatik eta ematen duen funtsezko zerbitzuagatik. Gaur

onartutako esleipenari esker, datozen zazpi urteetan hiri garbiagoa, baliabide

tekniko hobeak eta langileentzako baldintza hobeak bermatuko ditugu «, amaitu du.